Aspartamoak minbizia eta erditze goiztiarra eragiten dituela ezeztatu du EFSA Europako Elikagai Segurtasunerako Agintaritzak, ondorio horietara iritsi ziren ikerketak aztertu ondoren.
Izan ere, hamarkadak dira aspartamoa edulkoratzaile gisa onartuta dagoela Europan eta beste herrialde batzuetan, eta oso erabilia da azukrearen ordez edari eta janari askotan. Alabaina, ikerketa batzuek zalantzan jarri zuten haren segurtasuna; hain zuzen, minbiziarekin eta erditze goiztiarrarekin erlazionatu zuten aspartamoaren kontsumoa.
Hori dela eta, EFSAk ikerketa horiek sakon aztertzea erabaki zuen. Batetik, Onkologia eta Ingurumen Zientzien Ramazzinni Fundazioan, Soffrittik eta haren taldeak saguekin egindako ikerketa bat aztertu zuten. Ikerketa hartan ondorioztatu zuten saguei plazenta bidez aspartamoa emanez gero, epe luzera minbizia sorrarazten zuela gibelean eta biriketan. EFSAk, ordea, datuak aztertu ditu, eta adierazi du ikertzaileek egindako interpretazioa ez dela zuzena.
Bestetik, Copenhageko Statens Serum Institutuko Halldorsson doktoreak zuzendutako ikerketa bat ere aztertu dute. Halldorssonen taldeak garaia baino lehen erditu ziren 59.334 emakumezko ikertu zituen, eta edulkoratzaile artifizialak dituzten edari freskagarriak edateak erditzea aurreratzean zerikusia izan zuela ondorioztatu zuten. EFSAren iritziz, ordea, ikerketan ez zuten frogatu kausa-efektu erlazioa, eta hori baieztatzeko edo ezeztatzeko ikerketa gehiago egin beharko liratekeela gehitu du.
Horrenbestez, EFSAren ustez bi ikerketa horiek piztutako susmoak ez dira nahikoak lehendik egindako ikerketak zalantzan jartzeko eta haiek aztertu edo gehiago egitea erabakitzeko. Hain zuzen, 1984ean baimendu zuen EFSAk aspartamoa giza kontsumorako, eta 2002an berraztertu eta berretsi zuen erabakia.