Artsenikoarekiko toleranteak bai, baina ez hori baino gehiago

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

artsenikoarekiko-toleranteak-bai-baina-ez-hori-bai
Kaliforniako Mono aintziran aurkitutako bakterio artsenikoarekiko toleranteak. Arg. © Science/AAAS

Science aldizkarian argitaratu diren bi artikuluk ezeztatu egiten dute Kaliforniako Mono aintzirako bakterioek artsenikoa erabiltzeko gaitasunik dutenik.

2010eko abenduan, NASAko Astrobiologia Institutuko ikertzaile-talde batek argitaratu zuen Mono aintzirako GFAJ-1 bakterioa gai zela fosforoaren ordez artsenikoa erabiltzeko hainbat biomolekulatan, hala nola DNAn. Albisteak eztabaida handia piztu zuen, bai iragarri zen moduagatik, eta baita aurkikuntzak zituen ondorioengatik ere. Izan ere, biziaren kimikaren oinarriak kolokan jartzen zituen. Hain zuzen ere, sei elementutan oinarritzen da bizia: karbonoa, hidrogenoa, nitrogenoa, oxigenoa, sufrea eta fosforoa. Eta artsenikoa fosforoaren nahiko antzekoa den arren, toxikoa da orain arte ezagutzen diren bizidun guztientzat, bakterio hau salbu.

Askok jarri zuten zalantzan aurkikuntza, eta British Columbia Unibertsitateko Rosie Redfield mikrobiologoak urte hasieran adierazi zuen ezin izan zituela NASAkoen emaitzak laborategian errepikatu. Redfield da, hain zuzen ere, orain argitaratu diren artikuluetako baten egileetako bat. Artikulu horretan adierazi dute oso fosforo gutxi eta artsenikoa duen ingurune batean (NASAkoen kondizio berak) hazitako bakterioen DNAn ez dutela artsenikorik detektatu. Eta, bigarren artikuluan, Suitzako Teknologia Institutu Federaleko ikertzaileek argitaratu dute fosfororik gabe ez direla hazten, nahiz eta artsenikoa izan.

Hala, ikertzaileen ondorioa da GFAJ-1 artsenikoarekiko erresistentea dela, baina ez duela hura erabiltzen fosforoaren ordez; eta, fosforo oso gutxirekin hazteko gai bada ere, fosforoa ezinbestekoa duela. Dena den, jatorrizko artikuluaren egile Felisa Wolfe-Simonek Nature-ri adierazi dionez, “jatorrizko artikuluak iradokitzen zuen fosforoa beharrezkoa zela, bi artikulu hauetan ikusten den bezala; baina gure datuek zioten artseniko-kantitate oso txiki bat zeluletan eta biomolekuletan erabiltzeari esker lortzen zutela oso fosforo gutxiko ingurunean bizirik irautea. Artseniko-kantitate horiek oso zailak izan daitezke neurtzen, behin zelulak irekitakoan”.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila