Artoaren genoma, zabala eta konplexua

Artoaren genoma, zabala eta konplexua
2010/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: Science/AAAS)

Existitzen den genoma konplexuenetako bat deskodetu du nazioarteko ikertzaile-kontsortzio batek

Genetikoki, artoa ez da landare bakar bat; barietate batetik bestera dauden aldeak oso handiak dira, eta, horregatik, ez dago artoaren genoma bakar bat. Gainera, barietate bakoitzaren genoman lekuz erraz aldatzen diren DNA-sekuentziak daude. Hala eta guztiz ere, ikertzaileek lortu dute artoaren genomaren puzzlea osatzea, eta ikerketaren emaitzak Science aldizkarian argitaratu dituzte, bost artikuluko sorta batean.

Nazioarteko ikertzaileen kontsortzio batek koordinatu ditu ikerketa guztiak Estatu Batuetatik. 31 milioi dolar inbertitu dituzte, eta lau urteko lana izan da; horren ondorioz, artoaren genomaren mapa bat osatu ahal izan dute.

Artoak 10 kromosoma ditu, 2.300 milioi base-pare eta, ikertzaileen emaitzen arabera, 32.000 gene. Ez da landare-genomarik handiena (tipularen landareak, adibidez, genoma handiagoa du), baina ikertzaileek ikusi dute konplexuenetako bat dela. Besteak beste, tokiz aldatzen diren sekuentzia asko ditu; sekuentzia horiek genomaren % 85 osatzen dute, gutxi gorabehera. Eta sekuentzia horien mugimenduek asko zaildu dute ikertzaileen lana.

Nolanahi ere, artoaren barietate askoren genomak deskodetu eta konparatu ahal izan dituzte. Handiena B73 barietatearena da. Barietate hori M017 barietatearekin konparatu dute, eta ehunka gene aurkitu dituzte batean edo bestean daudenak, baina ez bietan. Konparaketa horrek argi azaltzen du bi barietate horiek konbinatu litezkeela artoaren barietate hobeak sortzeko.

Bestalde, B73 barietatea Mexikoko Palomero barietatearekin eta jatorrizko teosinte-artoarekin konparatuta, artoaren aldaeren historia ere aztertu dute, genetikaren ikuspuntutik. Historia horretan gizakiaren eragina aztertu dute, artoa etxekotu izanaren arrastoak azaltzen baitira barietate berrienen genoman.

Oso ikerketa zabala izan da; ikertzaileek espero dute baliagarria izatea, ez bakarrik artoak elikagaien munduan duen garrantziarengatik, baita genoma konplexuak ikertzeko baliabide berriak garatu dituztelako ere.

1
260
2010
1
001
Genetika
Albisteak
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila