Artizarraren atmosferan iaz Akatsuki misioak behatutako hodei-egitura misteriotsu baten izaera argitu dute. Izan ere, hodei-egitura hori egonkor azaltzen zen azalarekiko, eta hori harrigarria zen, Artizarraren atmosferak supererrotazioa duelako. Hain zuzen, planetak 243 egun behar ditu bere buruari bira bat emateko, eta, atmosferak, berriz, 4 egun baino ez. Horri deitzen zaio supererrotazioa. Bada, argitaratu berri duten ikerketaren arabera, planetaren topografian dago gakoa: Artizarraren gainazal harritsuan dagoen mendien eta atmosferaren arteko elkarrekintzaren ondorioz sortzen da hodei-egitura egonkor hori.
Itziar Garate Lopez Artizarraren atmosfera ikertzen ari da Parisen, Meteorologia Dinamikoko laborategian, eta haren arduraduna artikuluaren egileetako bat da, Lebonnois. Ondo ezagutzen du, beraz, ikerketa. Haren esanean, garrantzitsua da, topografiak atmosferan eragina duela erakusten baitu, eta, orain arte, ez duten halakorik espero.
Are gehiago, bere ikerketarako ere aintzat hartzekoa dela iruditzen zaio Garateri: “Gainazaleko tenperatura eta haize-baldintzak ezberdinak dira ekuatorean (lan honek ikertzen duena) beste latitudeetan. Hala ere, nik ikertzen ditudan zurrunbilo atmosferikoen dinamikan topografiak izan dezakeen eragina aztertzen hasi beharko nukeela uste dut. Orain arte eraginik ez zegoela uste nuen, poloetako zurrunbiloak atmosferan oso garai baitaude, 40-60 km-tara. Lan honek oker egon naitekeela erakutsi dit”.
Horrez gain, Garatek azaldu duenez, lana baliagarria izango da planetaren inertzia-momentua jakiteko, eta horrek aukera emango luke planetaren barneko egitura hobeto ezagutzeko. Egunaren luzera zehaztasunez neurtu eta ikertu beharra zabaltzen duela ere gehitu du Garatek.
Elhuyarrek garatutako teknologia