Manakin emeek ez dute edonolako bikotea aukeratzen. Ez die ez arraren ondasun, ez estatusari begiratzen: aitzitik, abeslari eta dantzari apartaren atzetik ibiltzen dira. Floridako Unibertsitateko ikertzaileen iritziz, Costa Rica-ko mendietan bizi den manakinaren gorteiatze-ohiturak hegaztien artean bitxienetakoak dira.
Emea erakarri nahian, manakin arrak kantatzen hasi ohi dira. Manakin arren kantua biribila izatea nahi omen du emeak eta tonua ongi koordinatu ezean, gure abeslari gajoa bakar-bakarrik geratuko da.
Emea hurbiltzean ordea, ez da ar saioaren lana amaitzen, dantza-saioa baitator ondoren. Emea dantza-kritikari trebea denez, xehetasun handiz jarraituko ditu arren urratsak eta ikusitakoa atsegin badu bederen, bikotegaien artean aukera egingo du. Atsegin baditu, arrik zaharrena hautatuko du emeak, hura hiltzean bigarren hautagaiarekin elkartuko delarik.
Ikertzaileak ohartu direnez, abeslari onenak dira gehien bizirauten dutenak eta gainera, horiexek izaten dira dantzari trebeenak ere. Zalantzarik gabe benetako artistak dira.