Artikoko irla batean, altxor bat aurkitu dute Norvegiako zientzialari batzuek lurpean: orain dela 150 milioi urte urpean bizi ziren harrapari erraldoien fosilak. Lortu dituzten hezurren artean, hainbat animaliaren hezurdura osoak ere bazeuden.
Azaldu dutenez, inguruneak egin du posible hainbeste fosil horren egoera onean aurkitzea. Izan ere, hil ondoren, gorpuak itsas hondoko lokatzetan sartu ziren, ia oxigenorik ez zuen inguruan, eta kondizio kimiko horiek oso egokiak izan ziren hezurrak gordetzeko.
Aurkitutako hezurrak iktiosauruen eta plesiosauruen taldeei dagozkie. Iktiosauruek gaur egungo izurdeekin nolabaiteko antza zuten, eta plesiosauruak, berriz, lepoa luzatu zaien eta oskolik ez duten itsas dortoka batzuen itxurakoak ziren.
Orain arte 6 iktiosaururen eta 22 plesiosaururen hezurrak aurkitu dituzte. Hartara, eremu horretan industen jarraitzeko asmoa dute, horrelako fosil gehiago lurpetik ateratzeko.