Arrosak txertatzea lorazaintzako lan interesgarria da, baina gero eta gutxiago dira txertatzaileak. Arazoari irtenbidea ematearren, “Rosalie” proiektu europarra martxan jarri dute, eta helburua arrosak txertatzeko robota lortzea da.
Berez txertaketak eragiketa sinplea dirudi. Landareari ebakia egin eta barruan barietate berriko begia jartzea besterik ez da. Baina ebakiak T-formakoa izan behar du; ez sakonegia eta ez azalegia. Begia ere, bere neurrira iltzatu behar da; apur bat besterik ez.
Eragiketa guzti hauei txertatzaileak begiz hartzen die tamaina eta erraz egiten ditu, baina makinak egiteko lan konplikatuegiak dira eta robotarentzat txertatzeko sistema berria asmatu dute.
Lehen prototipoa 1992. urteko udaz gero ari da lanean eta txertaketa burutzeko berrogei segundo behar ditu. Dena den, Frantziako Pellenc & Motte etxeak Espainiako Universal Plantas etxearen laguntzaz, robotaren bertsio autonomoa prestatu du. Hiru gurpil ditu eta traktorearen antza du, baina ez du gidaririk behar. Batetik begiak dituzten aldaskak ditu eta bestetik ikusmen artifiziala eta beso mekanikoa. Makinak aldaska hartu eta landarean finkatu eta itsasten du.
Robotaren arkitektura mekanikoa eta informatikoa ahalik eta gehiena sinplifikatu da, alderdi informatikoa erabat automatizatuta hemendik bi urtera egongo delarik.
Munduan urtero 150-200 milioi arrosa-txertaketa egiten dela uste da eta langintza horretarako apirilaren erdialdetik ekainaren erdialderarteko garaia da egokiena. Gainera, arrosen produkzioan txertaketak gastuen % 40 eragiten ditu.
Pellenc & Motte etxearen ustetan, robotari moldaketa batzuk eragin ondoren frutarbola gehienak txertatzeko ere balioko du.