Namibian orain dela 17 milioi urteko 15,5 x 14,3 zentimetroko arrautza fosilak aurkitu dituzte Behe Miozenoan eratutako lurretan. Arrautza bakoitzaren bolumena 1,7 litrokoa da, eta inguruan hezur-arrastorik ez dagoenez, ikerlariak zein animaliak errun zituen asmatu ezinik dabiltza. Infragorriko espektro fotometrikoak dortokarenak ez direla frogatzen du. Ostruken antzeko eta garai hartan bizi izandako hegazti handi batenak izan daitezke (Diamantornis wardi izenaz bataiatu dute). Ostruken arrautzek 1-1,2 litroko bolumena izaten dute eta horregatik uste da delako hegaztia ostruken antzekoa zela, baina berez inork ez daki Diamantornis wardi delakoa nolakoa zen.
Hegaztien arrautzen azala kaltzitaz osatua izaten da eta dortokena aragonitozkoa (kaltzio karbonatozkoa, alegia). Namibian aurkitutako arrautzak kaltzitazkoak direnez gero, hegaztiren batek errundakoak direla esaten da.
Namibiako arrautza hauek badute beste berezitasun bat ere: azalean 2-8 milimetro diametrorainoko poroak dituzte (ostrukaren arrautzak milimetro baterainokoak izaten ditu). Horien helburua, badirudi enbrioiari arnasa hartzen uztea zela. Arrautzaren azalak 2,8 eta 3,9 milimetro bitarteko lodiera du eta ostrukarenak nekez izaten ditu 2 milimetro baino gehiago.