Biziaren sorrera argitu nahian, laguntzarik gabe bikoizteko gai den molekula bat sortu dute laborategian
Gaur egun, DNAn eta haren bikoizteko gaitasunean oinarritzen da bizia. Alabaina, bikoizteko, entzima-talde bat behar du DNAk, eta, entzima horiek sortzeko, berriz, beharrezkoa da DNA. Nola sortu zen, orduan, bizia? Hori da oiloaren eta arrautzaren paradoxa.
Leslie Orgel biokimikariak gakoa RNAn dagoela proposatu zuen. Izan ere, RNAk informazio genetikoa transmititzen du, eta erreakzio kimikoak katalizatzen ditu. Gainera, urte honen hasieran, Estatu Batuetako Scripps Ikerketa Institutuko ikertzaileek frogatu zuten RNA-zati txikiak gai direla bere buruaren bikoizketa katalizatzeko.
Orain, institutu horretan bertan, beste pauso bat eman dute, eta, azukre sinpleetatik abiatuta, DNAren eta RNAren antzeko molekulak sintetizatu dituzte. Molekula horiek beste ezeren beharrik gabe ugaltzeko gai dira. Hori bai, oso azkar aldatzen dira, eta, beraz, ez dago garbi belaunaldi batetik bestera informazio genetikoa transmititzeko gai izango liratekeen. Edozein modutara, oiloaren eta arrautzaren paradoxa argitzeko bidean lan interesgarria egin dutelakoan daude egileak.