Arpoitik platerara

ADN datu-base egoki batek legez kanpoko bale-haragia esportatzea geldiaraz dezake, baina nork kontrolatuko du?

Nazioarteko Bale Batzordea (IWC) kezkaturik dago Norvegia eta Japoniak baleen ADN-aren profilekin datu-base bat sortzeko duten asmoa dela eta. Batzordeak joan den maiatzean burutu zuen Oman-en bere urteroko bilera eta zenbait estatu datu-base hori nazioartera zabaltzearen alde azaldu zen.

CITES-ek, Arriskupean dauden Espezien Merkataritza Arautzeko Nazioarteko Batzarrak, bale-haragia esportatzen duten herriei kargu hartzen die. Baina bi estatu hauek barne-merkatuetarako edota ikerketarako, urtero bale-kopuru jakin bat harrapatzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dute. Norvegiak harrapatutako baleak Japoniara esportatu eta bertan saltzen direla behin baino gehiagotan salatu izan da, eta hori gezurtatzeko era bakarra ADN-aren profila dela diote bi herri hauek. Datu-basea erabiliz, ikuskatzaileek nazio batean saltzen den bale-haragia bertako untziek harrapatua dela egiaztatu ahal izango lukete.

1986az geroztik indarrean dago bale-harrapaketa komertzialaren moratoria. Norvegia eta Japoniak espero duten bezala bale-arrantza suspertzen bada, IWC-k finkatzen diren arrantza-kuotak bermatzeko erabili nahi du baleen ADN-aren profila. Jim McClay, Zeelanda Berriak IWC-n duen batzordekideak dioenez, kuota bitartez antolaturiko sistemaren bat ezarriz gero, beharrezkoa da bale-produktuak untzietatik merkaturainoko bidean jarraitu ahal izatea.

Norvegia eta Japoniak datu-basearen kostuak ordainduko dituzte eta azterketa genetikoak beraiek egingo dituzte, baina ez daude datu-basean dirua inbertitu eta gero dena IWC-ren esku uzteko prest.

Bale-harrapaketaren aldeko estatuek datu genetikoak erabili nahi dituzte baleak legez kontra harrapatu eta saltzen dituztenaren salaketak gezurtatzeko. Datu-basea bale-haragiaren komertzioaren behin-behineko errekuperaziorako bidean urrats bat izatea espero dute.

Beste zenbait estatuk, berriz, erregistro hauek IWC-ren babespean egotea nahi dute. Datu-base hau helburu komertzialekin harrapatutako baleen arrantza kontrolatuko duen sistema izango bada, ezin daiteke bale-harrapaketaren aldeko nazioen esku utzi. Sinesgarritasun eskasa izango lukete datu hauek gobernu nazionalen menpe egotekotan.

Martxoan Norvegia, Japonia, Danimarka eta EEBBetako zientzialariak elkartu ziren baleak identifikatzeko zein ezaugarri genetiko erabiliko diren erabakitzeko. Banakako indibiduoak bereizteko balio duten bale genomaren zati desberdinetako zortzi zati aukeratu zituzten. Zientzialariek bale-espezieari eta jatorrizko itsasoari buruzko informazioa ematen duen balearen mitokondrioko ADN-ari buruzko datuak ere jasoko zituzten.

Norvegia eta Japonia dagoeneko hasiak dira laginak aztertzen. Datu guztiak Bergan-eko Arrantza Zuzendaritzan eta Tokyoko Zetazeoak Ikertzeko Institutuan bilduko dira. Bi erakundeek diotenez, eskatuz gero, IWC-ko partaide guztiek eskuratu ahal izango dituzte datu hauek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila