Uretako oxigenoa atzeman eta zurgatu. Horixe egin behar dute uretan bizi diren animaliek eta kantitate txikitan dagoenez, arnasketarako funtsezkoa den gasari ahalik eta etekin handiena atera behar diote. Uppsalako Unibertsitateko biologoek argitu dutenez, animalia horien odolean gertatzen diren aldaketei zor zaie gaitasun hori.
Arnas organotik iragaztean, odol-zeluletan aldaketa ikusgarriak gertatzen direla ikusi zuten ikerlariek. Horretarako amuarrain bat anestesiatu zuten eta mikroskopioa erabiliz, brankietan zein odolean gertatzen diren fenomenoak aztertu zituzten.
Globulu gorriek malgutasun handiz jokatzen dute eta deformatu egiten dira, kanpo-itxura bera ere aldatu egiten dute oxigeno gehiago harrapatu ahal izateko. Oinarrizko deformazio horri esker, zelulen hedadura handiagotu egiten da eta era horretan gas gehiago atzemateko eta brankietan denbora gehiago irauteko gauza dira.