1 motako neurofibromatosia 4.000 pertsonatik bati eragiten dion herentziazko gaixotasuna da. Zelulen hazkuntza kontrolatzen duen proteina bat (neurofibromina) gutxiegi ekoizten delako azaltzen da gaitza. Orduan, gaixoaren nerbioen inguruan, gehienetan onberak baina batzuetan gaiztoak diren tumoreak sortzen dira.
Washington Unibertsitateko ikertzaileek, 34 gaixotan neurofibrominaren urritasunaren arrazoia ikertzen ari zirela, proteina ekoizten duten hainbat ARN mezulariren kopiak eraldatuta zeudela ikusi zuten. Antza, ARN mezulari akasdunaren nukleotido baten aldaketak stop seinalea sortzen du, eta horrek neurofibromina ekoiztea galarazten du. Gainera, ikertzaileen esanean, normalean hesteetan dagoen apobec-1 entzimaren akatsak eragiten du ARN mezulariaren eraldaketa.
Orain arte minbiziaren eragile nagusia ADNaren akatsak direla uste bazen ere, hemendik aurrera ARN mezulariaren lanari arreta handiagoa jarri beharko diote zenbait minbizi-mota ikertzean.