Txinan barrena neke handiz lortutako ekarpenek goratu zuten Armand David aita ezpeletarra zientziaren gailurrik gorenetara. Dena dela, Txinako esplorazio-bidaien oztopo eta zailtasunak gainditzeko arrazoi nagusia umetan benetako euskaldun gisa altxatua izatea izan dela dinosku Armand Davidek: cette première éducation de vrai basque. Eta zer da hori? Zelan hezurmamitu vrai basque hori? Jean Barbier idazle baxenabartarrak Supazter xokoan 1924ko liburuan honelaxe azaldu zuen: Eta zerk egiten du Eskualduna zinezko Eskualdun? Elizak, Etxeak, Hil-herriak, Mintzairak. Horietan datza Eskualdun arima guzia.
Jakina, Barbierren eta bai Armand Daviden euskalduntasun hori, beste ezer baino gehiago Frantziaren eta fedearen babeserako magala da. Eta izan ere, umetako zinezko euskaldunaren heziketa gorabehera, aita Davidek Frantzia du aberri, aberria aipatu behar duenero, nahiz eta bidaietako jazokuneen kontakizunean europar modura agertu gehienetan, inplizituki bada ere. Orduko giroa gogorarazteko, berriro ere Manex Hiriart-Urrutiren aipu laburtxo bi ekarriko ditut, ze, testuingurutik kanpo agertu arren, nahikoa argiro utziko baitigute XIX. mendeko euskalduntasunaren nolakoa. Bata, nehor eztaukagu Frantzian gu euskaldunak baino frantses hoberik. Biga, zer uste lukete, ala eskualdun tzarretarik frantses onak egin (nahi dituzte)?