AEBn egindako ikerketa zabal batek agerian utzi du emakumeei ariketa fisikoak gizonei baino are mesede handiagoa egiten diela: ariketa egiten duten emakumeek egiten ez dutenek baino % 24 arrisku txikiagoa dute hiltzeko edozein arrazoirengatik; gizonetan, berriz, ariketa egiten dutenen eta ez dutenen arteko aldea % 15ekoa da. Bihotzeko edo zirkulazio-aparatuko gaitzei erreparatuta, emakumeetan aldea % 36koa da, eta gizonetan % 14koa.
Journal of the American College of Cardiology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Egileek espero dute baliagarriak izango direla emakumeak kirola egitera animatzeko, oro har, gizonek baino kirol gutxiago egiten baitute.
Azterketa egiteko, intentsitate desberdinetako ariketak izan dituzte kontuan: intentsitate ertaineko ariketa aerobikoa (bizi ibiltzea); intentsoa (spinning edo soka-saltoa); eta indarrezkoa. Lehen motako ariketan, astean bost ordutik aurrera gelditu egiten da arriskuaren jaitsiera, bai emakumeetan, bai gizonetan. Antzekoa gertatzen da intentsitate handiko ariketarekin, 110 minututik aurrera (ia bi ordu).
Bestalde, emakumeek onura handiagoa jasotzen dute, denbora-tarte txikiagoan. Kirola egitean indarrezko ariketak ere egiten dituzten emakumeek % 30 arrisku txikiagoa dute arazo kardiobaskularrengatik hiltzeko; eta gizonek % 11 gutxiago. Azaldu dutenez, emakumeen eta gizonen ezaugarri anatomikoak eta fisiologikoak desberdinak direlako gertatzen dira diferentzia horiek.