Ebakuntzetan garunaren oxigenazioa kontrolatzeko, argi infragorri hurbilaz baliatzen den tresna bat garatu dute Duke Unibertsitateko anestesistek.
Ebakuntzen arriskuetako bat anoxia da. Garunera ez bada nahikoa oxigeno heltzen, kalte larriak sor daitezke. Hori saihesteko, ezinbestekoa da ondo kontrolatzea garunaren oxigenazioa.
Odolaren oxigeno-maila neurtzeko, sendagileek aldian-aldian lepoko zainetatik odola hartu eta zenbat oxigeno duen begiratzen dute kooximetriaz. Bestela, pazientearen hatzean jarritako pultsu-oximetro batez, arterietako odolaren oxigenazioa neurtzen dute. Era batera edo bestera egin, garunetik kanpoko odolaren oxigeno-maila neurtzen dute, eta horren arabera kalkulatu behar izaten dute garunaren oxigenazioa.
Duke Unibertsitatean garatutako tresnak, berriz, garunaren oxigenazioa zuzenean kontrolatzeko aukera ematen du. Hain zuzen, argi infragorri hurbilak buru-azala eta garezurra zeharkatzen ditu, eta globulu gorrien hemoglobina detektatzen du. Horren arabera, une oro jakin daiteke garuneko odol-hodien oxigeno-maila, minik gabe, era seguruan eta zehaztasun handiz.