Argi-intentsitatearen aldaketen eragina gutxitu nahian

Begia bat-batean argi-intentsitate handiegiaren aurrean jarriz gero itxi egiten da; adibidez, argazki-kameraren flasharen eraginez. Erantzun horren oinarri fisiologikoa ez da ongi ezagutzen, eta, hain justu ere, begia inguratzen duen muskulu handienaren jarduera elektrikoa grabatuz horixe ikertu nahi da. Manchesterko Unibertsitateko Ian Murrayen ardurapean ari dira ikertzen eta ez da alferrikako lana izango, ezta gutxiago ere.

Ordenagailu aurrean egun osoa pasatzen dutenentzat eta, batez ere, gaueko auto gidarientzat baliagarri suerta daitekeen ikerketa da. Begiaren erreakzio horiek ulertuz gero, autoen argien diseinua hobe daiteke eta, horrela, istripuak gutxitu. Izan ere, argi intentsitatea etengabe aldatzeak gidariaren begiaren muskuluaren nekea eragiten du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila