Gizen daudenentzat gorputza argaltzeko gaur egun gimnasia egitea eta dieta egitea bide egokiak dira, baina aldi berean bide neketsuak ere badira eta batek baino gehiagok eskertuko luke helburu horretarako bide erosoagoa asmatzea. Pilulen bidezkoa ere badago, baina eragin kaltegarriak ditu eta oso kasu gutxitan besterik ez dira erabili behar.
Dena den, egoera hori aldatuko ote da Estatu Batuetan Pfizer laborategiek prestatu duten CP-331679 molekularekin? Emaitza nolakoa izango den esateko goizegi da. Izan ere, oraindik gizakiarengan probak egiten ez dira hasi. Hala ere, adrenalinaren antzeko molekula honen bidea oso interesgarria da.
Adrenalinak hiru hartzaile-motarengan eragiten du. Lehenengoa odol-hodietan dago eta zabaldu egiten ditu. Bigarrena bihotzean dago eta honen taupadak bizkortu egiten ditu. Azkena adipozitoetan dago (hau da, koipeak metatzen dituzten zeluletan) eta lipidoak askatzen ditu.
Pfizer etxeko kimikariek adipozitoei baino eragiten ez dien molekula prestatu dute. Arratoietan egindako saiakuntzetan emaitza ikusgarria da. Galtzen duen pisua gizakiarengan asteko kiloa izango litzateke, dietarik eta gimnasiarik egin gabe. Dena den, aldaketa horiek arratoiengan eta gizakiengan berdinak izango ote dira? Ez dago seguru esaterik, zeren arratoiengan askatzen den koipe-mota nagusia gizakiarengan oso gutxi baitago.
Laborategi asko ari da bide hau jorratzen, baina oraingoz bere tamainan gimnasia egitea da osasuntsuena.