Aral itsasoa desagertzear

Aral itsasoa Sobiet Batasuneko hegoaldeko basamortuen erdian kokatzen da. Munduko lakurik handienetakoa izatetik gatzak estalitako lurralde antzu izatera pasa liteke neurri gogorrak hartzen ez badira. Gizakiaren zabarkeria da hondamendiaren kausa.

1960. urtean Aral itsasoak 68.000 kilometro karratu estaltzen zituen. Iaz 41.000 besterik ez zituen estaltzen. Gainera ur-bolumenaren erdia besterik ez zaio geratzen. Egungo gazitasuna 27g/l-koa da.

Arazoak 1960.eko hamarkadan hasi ziren; sobietar agintariek herriak zituen kotoi-beharrak asetzeko Aral lakuaren inguruan kotoi-soroen zabalkutza bultzatu zutenean. Iparraldean kokaturik dagoen kotoi-eskualdea sortu nahi izan zuten. Kotoi-soroak ureztatzeko, beren ura Aral itsasora isurtzen duten Amudar'ja eta Sindar'ja ibaien ura hasi ziren erabiltzen. Horrexegatik, itsasora behar baino ur gutxiago iristen hasi zen eta ur-maila beheratzen. Zenbait urtetan, iaz esaterako, ibaiek ia ur-tantarik ere ez dute isuri lakura.

Eragin den ingurugiro-hondamena izugarria da. Gazitasunak lakuko 20 arrain-espezieak akatu ditu eta arrantza-industrian ari ziren 60.000 lagun lanik gabe utzi ditu. Bestalde agerian gelditu den gatza, haizeek eta ekaitzek altxatuta, inguruetako belardi eta soroetako landareei –kotoiari barne– erasotzen ari da.

Klima ere aldatu da. Lakuak betetzen zuen funtzio moderatzailea ezin du orain bete eta klima gogortzen ari da.

Neurririk hartzen ez bada eta orain arte bezala zientzilarien esanei jaramonik egiten ez bazaie, datorren mendean Aral itsasoa historia izango da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila