Aranzadiko Behatoki Herpetologikoak Euskal Herriko apo lasterkariaren populazio mehatxatuen jarraipena egin du (Gipuzkoako Txingudin eta Bizkaiko Azkorrin). Jarraipenak eta ikerketa genetikoak adierazten dute guztiz beharrezkoa dela espeziearen eta haren habitataren inguruko kudeaketa-plan bat egitea.
Ikerketa genetikoaren emaitzek adierazten dute Gipuzkoako eta Bizkaiko populazioak leinu ezberdinetakoak direla, eta, beraz, jatorri ezberdina dutela. Gainera, penintsulako gainerako populazioekiko ere genetikoki ezberdinak dira. Hori dela eta, populazio horiek handitzeko ezin da sartzapen-planik egin.
Lortutako datuen arabera, Txingudiko populazioak espeziearen biziraupena bermatzeko adina apo ditu, baina Txingudiko inguruak azken urteotan jasan dituen eraldaketek zeharo zatikatu dute populazioa. Hala, espeziea babesteko ezinbestekoa izango da ugaltzeko sei guneak lotuko lituzkeen korridorea sortu eta mantentzea. Azkorriko populazioa, aldiz, askoz ere txikiagoa da, eta aurtengo datuek goranzko joera erakusten badute ere, populazioa handitzeko beharrezkoa da ugaltzegune gehiago eratzea eta habitata egokitzea.