Antsiolitikoen kontsumoa igo egin da nerabeetan, bereziki, emakumeetan eta klase apalekoetan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

antsiolitikoen-kontsumoa-igo-egin-da-nerabeetan-be
Antsiolitikoen kontsumoa altuagoa da emakumeetan, inkestak jasotako adin guztietan. - Arg. Marlene Leppänen

Espainiako nerabeen antsiolitikoen eta hipnosedanteen kontsumoa aztertu du OPIK ikerketa-taldeak, eta, haren esanean, joaera kezkagarria da. Ondorio horretara iristeko, drogei buruzko Espainako planaren barruko ESTUDES inkestaren datuetatik abiatu dira. Zehazki, 14-18 urteko ikasleen droga-erabilerari erreparatu diote, eta adin horretan antsiolitikoak eta hipnosedanteak kontsumitzeko prebalentziak eta probabilitateak aztertu dituzte. Hala baieztatu dute prebalentziak gora egiten jarraitu duela.

OPIK taldeak baldintzatzaile sozialek osasunean duten eragina ikertzen du, eta, ESTUDES inkestan, generoaren, jatorriaren eta klase sozialaren araberako desberdintasun argiak bereizi dituzte.

Ikusi dutenez, generoaren eragina nabarmena da: antsiolitikoen kontsumoa altuagoa da emakumeetan, inkestak jasotako adin guztietan. Adibidez, 18 urterekin, emakumeen % 32,3k antsiolitikoren bat kontsumitu zuen noizbait; aldiz, gizonetan, % 20koa da ehuneko hori.

Kontsumo-probabilitateak generoaren arabera kalkulatzean, antsiolitikoak hartzeko emakumeen probalitatea ia %50 handiagoa dela ikusi dute. Gainera, adinean aurrera egitea, probabilitatea hazi egiten da emakumeetan: 18 urteko ikasleen artean, probabilitatea 14 urtekoenen bikoitza zen. 

Jatorrizko lekuari erreparatuta, migranteen artean ere genero-arrakala dagoela baieztatu dute. Hain zuzen, emakume migranteek kontsumitzeko probabilitate handiagoa izan zuten; eta gizonek, aldiz, txikiagoa.

Maila sozialaren araberako diferentziak aztertzeko, gurasoen hezkuntza-maila hartu dute kontuan. Hala, ikusi dute, gurasoen hezkuntza-maila zenbat eta txikiagoa izan, antsiolitikoen kontsumoak gora egiten duela, batez ere, alaben artean.

Diferentzia horien arrazoiak, aztergai

OPIKeko ikertzaileek diferentzia horien zergatiak ere azaldu dituzte. Haien esanean, emakumeek pairatzen duten desberdintasun material eta sinboliko-kulturalak (lan gutxietsia, prekarietatea…) sufrimendu handiagoa eragiten du. Gainera, ondoeza osasun-zerbitzuetan artatzen da, eta emakumeak gehiago doaz kontsultara gizonak baino, ahultasuna erakustean eta zaintzen balioan sozializatuta baitaude.

Emakumeen rolek ere zerikusi handia dutela nabarmendu dute. Izan ere emakumeen rola emozionala, pasiboa eta otzana da, eta rol horrek patologizatua izateko probabilitate handiagoa du rol maskulinoak baino, juxtu kontrakoa baita; hau da, arrazionala, autonomoa eta indartsua. Era berean, rol horiekin hausteak ondoeza eragiten duela ohartarazi dute. 

OPIK taldeko ikertzaileen iritziz, hainbat dira kontsumo-desberdintasunak ulertzeko aldagaiak, hala nola autoexijentzia akademikoa, mendetasunezko edo abusuzko lehen harreman sexu-afektiboak, sare sozialak, estetikaren gaineko presioa, krisi kapitalistek eragindako bizi-proiektuaren galera…

Azaldu dutenez, hori baita medikalizazioaren funtsa: psikofarmakoek aterabide indibiduala ematen die jatorri soziala edo egiturazkoa duten arazoei. Horrenbestez, ondoezak neutralizatu eta asimilatu egiten dira, eta sufrimendua bereizi egiten da haren eragile nagusietatik.

OPIK taldeko Xabi Martínez Mendiak gidatu du ikerketa, eta Unai Martín Roncerok eta Amaia Bacigalupe de la Herak parte hartu dute. Aurreratu dutenez, artikulu batean emango dituzte analisiaren xehetasun guztiak.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila