Poluzioa txoko guztietara ari da zabaltzen. Industriak sortutako substantziak, adibidez, baleen organoetan ere agertu dira. Agian gaur egun hori ez da oso harrigarria. Ohikoa da. Baina, beharbada iturria ez da beti guk uste duguna: Estatu Batuetako ozeanografo batzuek frogatu dute animalia horiek sortzen dituzten berezko substantzia batzuk poluitzaileen oso antzekoak direla.
Egia da: suaren aurkako substantziak, pestizidak eta beste produktu askok itsasorainoko bidea egiten dute industrietako hondakin-uraren bitartez. Itsasoan, animaliek barneratu eta metatu egiten dituzte, belakiek, muskuiluek eta elikatzeko ura iragazten dutenek batez ere. Horiek, horiek jaten dituztenek, eta horiek jaten dituztenak jaten dituztenek ere metatzen dituzte produktu artifizialak. Horregatik daude nonahi poluitzaileak.
Baina beti ez da hori gertatzen. Animalia batzuek artifizial-itxurako konposatuak ere ekoizten dituzte, berez. Nola jakin daiteke nondik datorren itsas animalia batean agertzen den substantzia bat? Gizakiaren poluzioaren ondorio den edo produktu naturala den?
Massachusettseko ozeanografo batek hori bereizteko teknika bat proposatu zuen: karbono-14aren proba egitea. Gizakiak petroliotik abiatuta sintetizatzen ditu produktu poluitzaileak, eta, beraz, karbono-14 asko galdu dute; fosilek bezalaxe. Animalien berezko substantziak badira, ordea, ekoiztu berriak dira eta karbono-14 kantitate handia dute proportzioan. Beraz, proba hori izan daiteke argibidea.
Egin dituzten probak oso adierazgarriak dira: dirudienez, produktu horietako asko naturalak dira.