Amuarrainen zelula magnetikoak bakartu dituzte

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

amuarrainen-zelula-magnetikoak-bakartu-dituzte
Amuarrainaren usaimen-zelula magnetiko bat. Berdez, nukleoa. Zuriz, magnetita. Arg. Hervé Cadiou

 

Ortzadar-amuarrainaren usaimen-ehunean zelula magnetikoak bereizteko gai izan dira Munich-eko Ludwig Maximilians Unibertsitateko ikertzaileak. Amuarrainek bezala beste hainbat animalia migratzailek orientatzeko Lurraren eremu magnetikoa erabiltzen dutela uste den arren, orain arte ez zen lortu zelula magnetikoak bakartzea.

Zailtasun handiena zelulen urritasuna da. Izan ere, gutxi dira eta aparte kokatuta daude ehunetan, elkarri ez interferentziarik sortzeko; ikerketaren buruaren esanean, litekeena da 10.000 zelulatik bat izatea magnetikoa. Aurretik egindako saioetan zelula magnetikodun ehunak zein izan litezkeen mugatzera iritsi dira zientzialariak, eta magnetita ere aurkitu dute arrain eta hegaztien usaimen-ehunetan (mineral magnetiko horrek ematen die Lurraren eremua detektatzeko gaitasuna).

Magnetikoak zein ziren bereizteko, mikroskopiopean eta iman baten eraginpean biraka jarri dituzte amuarrainaren sudurretik hartutako zelulak. Magnetitadunek imanarekin batera biratuko zutela zen ikertzaileen ustea, eta hala izan da. Biratzen zuten zelulak sakonago aztertuta, zelularen kanpo-mintzetik gertu detektatu dute magnetita. Aurkikuntza egiteaz gain, beste animalien ehunekin baliatzeko metodologia eraginkor bat ere sortu dute Ludwig Maximilians Unibertsitateko ikertzaileek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila