Ikerlari belgikar eta frantziarren arabera, eskala handian burutu berri den amorruaren aurkako azeri-txertaketaren kanpaina arrakastaz burutu da. Lehen kanpaina Belgikan 1987. urtean burutu zen. Eremu txiki bat hautatu zen horretarako (600 hektarea) eta birus birkonbinatzaile txertatzaile bat erabili zen. Birusa behi-nafarreriarena da eta bertan amorruaren birusaren kanpoko proteina sortzen duen genea txertatu da.
Metodologia nahikoa frogatu denez, janarian kokatutako birus birkonbinatzailea hiru aldi desberdinetan (1989ko azaroan eta 1990eko apirilean eta urrian) Belgikako hegoaldean 2.200 km2-tan helikoptero bidez banatu zen.
Ikerlariek, aipatu zonan heriotz naturalez edo ehizaren bidez hildako % 81 azeritan, janarian testigu bezala jarritako antibiotiko baten arrastoak aurkitu zituzten. Horrela txertoaren zabalkundea eta eragin positiboa baieztatzerik izan da. Izan ere aurretik egindako azterketen eraginez, txertoaren eragina azerian ona zela frogatu zen.
Orain dela gutxi arte, txertaketa-kanpainetan birus bizi aktibatu gabeak edo motelduak erabiltzen ziren. Baina hauek arretaz maneiatu behar dira eta basa faunako zenbait animaliengan patogeno bihur daitezke. Txerto berri honek, aldiz, ez du arazo-mota hau sortzen.