Amazonaseko oihana gero eta azkarrago ari da galtzen

Azkeneko hamar urteetan Brasilgo Amazonas oihanaren suntsiketa azkartu egin dela jakinarazi dute Brasilgo eta Estatu Batuetako ikertzaileek. Ikerketa 1978. urtetik hartutako satelite irudi zehatzetan oinarrituta egin dute. Brasilgo Gobernuak aldarrikatutakoaren kontra, 1995 urteaz gero oihanaren suntsiketa nabarmen handitu da.

1995-2000 bitartean urteko bi milioi hektarea oihan galdu dira, hau da, minutuko zazpi futbol zelairen azalera bezainbeste. Ikertzaileen arabera, kopuru horiek 1970eko eta 80ko hamarkadakoen neurrikoak dira, Amazonasentzat izan ziren garai txarrenak, hain zuzen ere. Brasilgo gobernuak oihana babesteko legeak sortu baditu ere, ikertzaileek salatu dute gutxitan betetzen direla. Bestalde, hurrengo urteetan eraiki nahi diren azpiegiturek oihana guztiz zatikatuko dutela ohartarazi dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila