Amalda kobazuloa (Zestoa), aspalditik da ikergai, bertan bizi izan ziren neandertalen arrastoak oso baliagarriak baitira gizaki haien bizimodua ezagutzeko. Kantauriar isurialdean: kronologia, gizarte-egitura, ohiturak… Oraingoan, teknika geo-espazialak erabilita, animalia haragijaleek eta neandertalek kobazuloaren zer leku ta zerarako erabili zituzten aztertu dute, Kaliforniako Unibertsitateko HERC Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko Laura Sánchez Romeroren gidaritzapean.
Lan hori Joseba Rios Garaizarrek zuzentzen duen beste ikerketa zabalago baten barruan sartzen da, eta Scientific Reports aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Riosen esanean, ikerketan ikusi dute haragijaleek eta neandertalek kobazuloko leku ezberdinak erabili zituztela,”gizakiak kanpoko partea, eta haragijaleek barrukoa”.
Kronologia ere osatu dute, eta frogatu dute lehenengo gizakiek okupatu zutela lekua, eta gero sartu zirela haragijaleak. “Ordurako neandertalak jada ez zeuden Kantauri aldean”, zehaztu du Riosek.
Horrez gain, ikusi dute neandertaleek espazioa jardueraren arabera antoaltu zutela, hau da, jarduera bakoitzerako leku jakin bat erabiltzen zuten. Riosen esanean, “hori nahiko interesgarria da, erakusten baitu ekintzak antolatuta zeuzkatela, eta hortik ondorioztatu dezakegu gizartea ere antolatuta zeukatela”.
Elhuyarrek garatutako teknologia