2012an Denisova haitzuloan (Altai mendiak, Errusia) topatutako fosil baten azterketa genetikoak erakutsi du banako hark bi hominido talde desberdinetako gurasoak zituela: ama neandertala zuen, eta aita, berriz, denisovarra. Svante Pääbo Max Planck Institutuko ikertzailearen taldeak egin du ikerketa, eta Nature aldizkarian argitaratu dute.
Denisova 11 izena du fosilak, eta hezur luze baten zati bat da. Erradiokarbono bidezko datazio zuzena erabilita, duela 50.000 urte baino lehenagokoa dela jakin dute. Horrez gain, lodiera kortikala neurtuta, banako hura hil zenean gutxienez 13 urte zituela kalkulatu dute; eta azterketa genetikoaren bidez jakin dute emakumezkoa zela.
Haren jatorria ezagutzeko, Denisovan bertan aurkitutako neandertal baten (Altaiko neandertala edo Denisova 5) eta denisovar baten (Denisova 3) datu genetikoekin alderatu dute Denisova 11ren sekuentzia, baita gaur egungo genoma afrikarrarekin ere (Mbuti). Hortik ondorioztatu dute neandertalen eta denisovarren ekarpen genetikoa parekoa dela gutxi gorabehera. Ikertzaileek gogorarazi dutenez, bi hominido-talde horiek duela 390.000 urte baino gehiago bereizi ziren genetikoki.
Azterketa sakonagoak eginda, ondorioztatu dute Denisova 11ren ama neandertala zela, baina ez haren aurretik Denisovaren inguruan bizi izan ziren neandertalen ondorengoa, baizik eta mendebaldean bizi ziren populaziotako kidea. Aita, berriz, denisovarra zen, baina hark ere izan zuen arbaso neandertal bat, hainbat belaunaldi lehenago bizi izan zena.
Päävoren esanean, ez da batere ohikoa bi hominido horien arteko ondorengo zuzen bat topatzea, bi taldeak milaka eta milaka urtez aldi berean bizi izan baziren ere, eremu desberdinak hartzen baitzituzten. Jakina, zen, hala ere, noizean behin izaten zirela hibridazioak, baina orain arte ez da Denisova 11ren parekorik topatu.
Elhuyarrek garatutako teknologia