Elhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariko 20. alean altitudeak sortzen dituen osasun-arazoez mintzatu ginen. Altitudearekiko moldapenarekin erlazionatutako “laktatoaren paradoxa” izenekoaren arrazoia aurkitu berri dute kanadiar ikertzaile batzuk. Paradoxa hau duela 50 urte aurkitu zen Txilen eta harez gero medikuak nahastu egin ditu.
Altitude handietara moldatutako jendeak ariketa fisikoa egiten duenean, muskuluetan laktato-kantitate txikia metatzen duela ikusi zen. Altitude txikian bizi direnek ordea, laktato asko metatzen dute muskuluetan ariketa fisikoa egiten dutenean.
Laktatoa arnasketa anaerobikoaren albo-produkuta da eta oxigenorik ez duten muskuluetan sortzen da.
(Argazkia: M. Lizeaga).Peruko goi-lautadetan bizi diren indioen zangosagarretako muskuluetan aurkitu du ikerlari-taldeak erantzuna. Laktatoaren paradoxa altitudearekin loturik dago. Moldatu edo aklimatatutako jendearengan, altitudea zenbat eta handiagoa izan hainbat eta laktato gutxiago dago. Eginiko estrapolazioen arabera, Everest mendiaren gailurrean (9.000 m inguruan) bertara moldatutako jendeak ez luke laktatorik sortuko. Zergatik?
Kanadiarren aurkikuntza gertatu arte zera uste zen: goimendietara moldatutako jendeak bere barne-pHa erregulatzen duten zeluletan ez-egonkortasun berezia zuela. Muskuluaren lanarekin zelulak azido bilakatzen dira. Teoria horren arabera, metatzen ari den laktatoak eta azidotasunak, feedback moduko efektu batez laktato gehiago sortzen duen mekanismo biokimikoa blokeatu egiten du. Ez dirudi ordea hau horrela denik.
British Columbia unibertsitateko Peter Hochachka bilologoak metodologia aldatuz argitu du misterioa. Bera eta lankideak Perura joan ziren eta ketxuar indioen artean sei boluntario aukeratu zituzten. Ondoren, Kanadara eraman zituzten bertan ikerketa egiteko tresneria egokiagoa eta sofistikatuagoa (erresonantzia magnetiko nuklearra edo infragorri hurbileko espektroskopia esaterako) izango zutelako.
Hochachkak laktatoaren paradoxaren jatorriak pHarekin edo feefback mekanismoarekin zerikusirik ez duela frogatu du. Neke-egoerara hurbiltzean goiherritarren zelulen barneko pHa beterritarrenekoa baino egonkorragoa zela ikusi zuten. EMNez eginiko azterketek, altitude handietara moldatutako jendearengan muskuluek prozesu aerobikoa beterritarrengan baino eraginkortasun handiagoz erabiltzen dutela eman dute aditzera.
Hau da, goiherritarren muskuluetan zelulek adenosin trifosfato (ATP) berria sortzen dute, lehendik dutena gastatu ahala. Beterritarrengan ordea, ATP eskaera prozesu anaerobio baten bidez ase behar da eta odolean eta ehunetan metatzen den laktatoa sortzen da albo-produktu legez. Beterritarren laktato-kopuruak goiherritarrena bikoiz dezake.
Altitude handietara moldatutako beterritarrek menditik jaitsi eta egun gutxitara galtzen dute goian hartutako trebezia. Aitzitik, goiherritarrek ez dute moldaera galtzen. Beraz, moldaerak oinarri genetikoa duela pentsa liteke.