Altitudeko eritasuna

Mendigoizale iparramerikar batek, Igor Gamow injineru kimikoak, mendigoizaleak altitudeko eritasunetik salba ditzakeen lozaku bat asmatu du. Everestera eginiko espedizio batean probatu da lehenengo aldiz. (ikus ale honetan Osasuna goi menditan izeneko artilulua).

Everestera egin den espedizioaren buru izan den David Padwa-k zera esan du: Birika-edemazko arazo larriak izan dituzten bi lagunen bizia salbatu du.

Zakuak 5 kilo pisatzen ditu eta poliuretanoz estalitako nylonez egina dago. Altitudeko eritasuna jasaten hasten den mendigoizaleak zakuan sartu besterik ez du egin behar. Beste mendigoizale batek ponpa baten bidez zakua airez betetzen du eta barneko presioa hazi egiten da. Nahiz eta zakua 4.000 m-tan egon, presioa handiagotuz 2.000 m-ko egoera lor daiteke.

Zakuak erosotasuna eta segurtasuna ematen dio gaixoari handik jaitsi arte. Oraingo ereduan etengabe ponpatu behar da airea zaku-barnera, karbon(IV) oxidozko maila neurri arriskugarrira igo gabe mantentzeko. Minutuko hamar kolpe nahikoa da.

Dena den, zakutik soberan dagoen karbono(IV) oxidoa kenduko duen zurgatzaile kimikoak eta oxigenoa sortzeko bideak prestatzeko azterketak egiten ari dira orain. Zakua airea ponpatzen ibili gabe erabilgarria izatea lortu nahi da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila