Alkoholaren eragina tenperaturaren araberakoa da

Alkoholaren eragina tenperaturaren araberakoa da
2006/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: Widener Unibertsitatea)

Alkoholarekiko tolerantzia eta tenperatura erlazionatuta daude: bero egiten duenean, alkoholaren eragina areagotu egiten da. Zergatik, baina? Galdera horri erantzuten saiatu dira ikertzaileak.

Ikertzaileek fruta-euliekin egin dituzte esperimentuak. Gizakientzat bezala, alkohola (etanola) toxikoa da fruta-eulientzat. Etanolak zelulen mintzak biguntzen ditu, eta horrek zelulen funtzioetan eragiten du. Baina, etanolak ez ezik, tenperaturak ere eragiten du zelula-mintzen biguntasunean: tenperatura jaitsi ahala, mintzak gogortu egiten dira. Zurrunegiak bilaka ez daitezen, zelulak gantz-azidoen ekoizpena areagotzen du.

Kontua da gantz-azidoak erregulatzen dituzten proteinak erlazionatuta daudela etanolari toxikotasuna kentzeko prozesuarekin. Hori jakinda, ikertzaileek pentsatu zuten litekeena dela tenperatura baxuekin aktibatzen diren proteinek etanola garbitzen laguntzea, eta horregatik izatea txikiagoa alkoholaren eragina hotz egiten duenean bero egiten duenean baino.

Leku hotzean eta beroan hazten diren fruta-euliekin esperimentuak egin dituzte, eta badirudi baietz, hipotesia zuzena dela. Ikerketa Estatu Batuetako Brown Unibertsitatean egin dute, eta emaitzak Journal of Experimental Biology zientzia-aldizkarian argitaratu dituzte.

1
225
2006
11
027
Biologia; Anatomia/Fisiologia; Osasuna; Biokimika
Berriak labur
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila