Algak ontzien poliestirenoa ordezkatzeko

Austriako Graz Teknologia Unibertsitatean, Alginsulate material biodegradagarria asmatu dute, janariak eta bestelako gaiak ontziratzeko erabiltzen den poliestireno hedatua ordezkatzeko. Jakina da poliestirenoa oso material poluitzailea dela. Orain, ikertzaile-taldeak alga arre lehorrak erabili ditu hura ordezkatzeko material biodegradagarria egiteko. Izan ere, alga horiek, ugariak izateaz gain, oso egokiak dira puztu, aparra sortu eta nahi den itxura emateko.

Poliestirenoaren ordez beste material biodegradagarri batzuk ere erabiltzen dira janariak biltzeko, hala nola, artoa eta patata; baina horiek oso erakargarriak dira intsektuentzat eta saguentzat. Gainera, industriarako landatzen diren artoek edo patatek nekazaritzarako egokiak diren lursailak hartzen dituzte. Beraz, algak erabiltzeak abantaila nabariak ditu ikertzaileen esanean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila