Zientzialariek eta herritarrek zientzia-gaiei buruz dituzten iritziak ez datoz bat, Estatu Batuetan egindako inkesta baten arabera. Pew Ikerketa Zentroak egin du ikerketa, AAAS zientzia-elkartearekin batera, eta agerian utzi dute alde handia dagoela batzuen eta besteen ikuspuntuen artean.
Hamahiru gairi buruz galdetu diete, eta aldea bereziki handia da genetikoki eraldatutako elikagaiak jatearen inguruan: galdetutako zientzialarien % 88k uste du elikagai transgenikoak jatea segurua dela, eta, aldiz, herritarren % 37k baino ez du uste gauza bera.
Alde nabarmena dago baita ikerketetan animaliak erabiltzeaz edo pestizidekin hazitako elikagaien segurtasunaz duten iritzietan: lehenengoaren kasuan, zientzialarien % 89 eta herritarren % 47 dira aldekoak; eta pestiziden auzian, zientzialarien % 68k uste du janari hori segurua dela, baina herritarren artean % 28 soilik datoz bat haiekin.
Klima-aldaketan gizakiok dugun ardurak ere banatzen ditu batzuk eta besteak: zientzialarien % 87k uste du batez ere gure jardueraren ondorio dela, baina herritarren erdia ez dago ados horrekin.
Dena dela, aldea ez da beti norabide berekoa; batzuetan, herritarrek zientzialariek baino babes handiagoa eman diote ideia bati. Hori gertatu da, esaterako, itsasoan petrolio-zundaketak egiteari buruz duten iritziarekin (herritarrak % 20ko diferentziarekin dira zientzialariak baino aldekoagoak) eta astronautak espazio-egitasmoen etorkizunerakoak ezinbestekoak ote diren esatean (%12ko aldearekin).
Hala eta guztiz ere, denek uste dute zientzian eta teknologian inbertitzea onuragarria dela herrialdearen aurrerapenerako eta gizarterako, nahiz eta aurreko galdeketan (2009an) baino ezkorragoak azaldu diren.