Aldaka-hausturei aurrea hartuz

Aldaka babesteko diseinu berria egin du Harvard Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Eraginkortasun-testak adituen oniritzia jasotzen badu, hirugarren adinekoen osasun arazo larrienetariko bat konponduta izango dute.

Aldaka hausteak ondorio latzak dakartza zaharrentzat. %20ak ez du urtebete baino gehiago bizirauten aldaka hautsi ondoren eta %25ak eritetxean eman behar izaten du bizitza osoa.

Babesle berri horrek, zoruaren kontrako kolpea ahal den neurri handienean leuntzea du helburu. Aurkeztu duten diseinuak U itxura dauka eta 2,5 cm-ko lodiera du. Babesleak poliestireno-tanta eta ur nahasketa darama barnean. Ibiltzerakoan erabiltzaileari ez dio batere trabarik egingo aldaka-babesleak, barneko materiala likidoa baita. Babesleak zerbaiten kontra jotzen duenean, likido egoeratik solidora igaroko da. Horrela, erortzen dena hezur-hausturatik babestuko du.

Laborategi-saiakuntzek frogatu dutenez, erorketa-kolpearen eragina %65ean murrizten du aldaka-babesleak. Diseinatzaileek aitortu dutenez gainera, babeslea zein berau sostengatuko duen arropa berezia, zaharrek janzteko oso erosoak dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila