Akad-ko inperioa eta lehortea

Munduko lehen inperio handia, Akadko inperioa, Sargon erregeak sortu zuen orain dela 4.300 urte inguru. Tigris eta Eufrates ibaien elkargunea baino zerbait gorago zegoen. Gero inperio hura suntsitu egin zen, baina ez dakigu zergatik. Mesopotamiako leiendek diotenez, Sargonen seme gaztearen harrokeriak jainkoak haserrarazi egin zituen eta horregatik galdu zen inperioa. Iparramerikako eta Frantziako zientzilari-talde batek ordea, bestelako ondorioak atera ditu.

Gaur egungo Sirian dagoen Shekhna izeneko lurraldean errauts bolkanikozko 6 milimetro lodiko geruza aurkitu dute. Garai hartan, beraz, erupzio handia izan zen, baina Mesopotamian bolkanik ez dagoenez gero, hauts haiek Turkiatik etorri zirela uste dute.

Ikerketa geologikoek bestetik, alubioi gutxiago detektatu dituzte, eta horrek ibaietako urek behera egin zutela (lehortea izan zela, alegia) esan nahi du. Erupzioaren eta lehortearen artean ez dago loturarik, zeren bolkanek kliman hain aldaketa bortitzak eta luzeak ez baitituzte eragiten. Lehortea izan ere, hirurehun urtekoa izan zen eta Indiatik Egipto eta Egeo itsasoraino izan zuen eragina. Era berean, tenperaturak ere behera egin zuen.

Asmatzekoa da hain klima-aldaketa gogorrak nekazaritzatik bizi zen zibilizazio hartan izandako eragina. Shekhna-n orduan hamar bat mila pertsona bizi ziren eta hango jendeak bere etxeak utzita ihes egin behar izan zuen.

Lurralde hartako antzinako historia berriz aztertu beharra dago, orain dela gutxi egin diren aurkikuntzen argitan. Beste zenbait lurraldetakoari ere, izandako klimaren arabera beste horrenbeste gertatuko zaiola pentsa daiteke. Dena den, historia argitzen bada ere, beste galdera bat plazaratzen da: zerk eragin zuen lehorte hura?

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila