AEBko giza genetikaren elkarteak barkamena eskatu du historian izandako jokabidearengatik

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

aebko-giza-genetikaren-elkarteak-barkamena-eskatu

ASHG AEBko giza genetikaren elkarteak adierazpen bat kaleratu du, barkamena eskatuz historian izandako jokabide diskriminatzaile eta eugenesikoengatik, eta etorkizunean modu bidezkoan eta ekitatatiboan aritzeko printzipioak azalduz.

ASHGk onartu du, ezen, iraganean, ikerketa genetiko batzuk AEBko mugimendu eugenesikoaren parte izan direla, eta balio izan dute jarrera diskriminatzaileak sustatzeko zenbait etnia, jatorri, ideologia edo joera sexu-afektiboko pertsonaren aurka. Halaber, aitortu du berandu ibili dela ekitatea, dibertsitatea eta inklusibitatea sartzean elkartearen balioetan eta egitasmoetan, eta aukera galdu duela komunitate jakinei buruzko komunikazio okerra eta bidegabea ezeztatzeko.

Nolanahi ere, ASHGk uste ikerketa genetikoa oso lagungarria izan daitekeela zientzian, osasunean, eta gizartean aurreratzeko. Eta zenbait konpromiso hartu ditu, batzuk berehalakoak eta besteak aurrera begira, etorkizunean ekitatiboa eta bidezkoa izan dadin. Lehenik, iraganeko akats eta hutsuneei buruzko txostena gizarteratu du. Horrez gain, egitasmo eta programa guztietan kontuan hartuko ditu balio horiek, jokabide okerrik ez gertatzea zainduko du, eta bazterkeria jasan duten komunitateetako zientzialarien parte hartzea sustatuko du. Azkenik, lider egokiak bultzatuko ditu, eta mugimendu eugenesikoan parte hartu duten genetikariei iraganean ASHGk emandako izendapenak eta aitortzak kenduko zaizkie.

Aurrera begira, dei egiten diete ikerketa genetikoan parte hartzen duten norbanako, erakunde eta enpresa guztiei berariaz egin dezatela ikerketa bidezko eta ekitatiboaren alde, eta jokabide okerren aurka. Besteak beste, ikertzaile hasiberriei balio horiek transmititu diezazkietela, komunikazio arduratsua bultzatu, jokabide okerrak salatu…

Bukatzeko, ASHGk berretsi du ikerketa genetikoa onuragarria dela gizatearentzat, eta aintzat hartuko duela eta goretsiko duela giza dibertsitatea.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila