COVID-19aren inguruan kontraesan eta paradoxa nabarmenak ari dira azaleratzen, ia etengabe. Adinekoen osasuna babesteko neurriak eta arauak horren adibide argia dira. Jakina da adinekoei bereziki eragiten diela SARS-CoV-2 birusak. Horren arrazoietako batzuk biologikoak dira: adinean aurrera egin ahala, immunitate-sistema patogenoak ezagutzeko eta haiei aurre egiteko gaitasuna galtzen doa. Horregatik eskatu dute osasun agintariek urruntze soziala zorrotz ezartzea adinekoei, infektatu ez daitezen.
Baina arrazoi biologikoek ez ezik, sozialek ere eragin nabarmena dute gaitzaren larritasunean. Nahikoa da ostiraleko BERRIA egunkariak zekarren datu bat gogoratzea, horretaz jabetzeko: COVID-19ak Hego Euskal Herrian hildako guztien ia erdiak zahar-etxeetako egoiliarrak ziren.
Beste kolektibo batzuetan agerian geratzen ari den bezala (dibertsitate fisiko edo psikikoa dutenak, arazo ekonomikoak dituztenak, indarkeria matxista jasaten dutenak...) arazoa ez da orain sortu; lehendik zegoen, eta COVID-19aren kudeaketak azaleratu eta areagotu egin du. Hala baieztatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak egindako ikerketek; haien arabera, adinekoen artean hazi egin direla antsietatea, bakardade sentimendua eta beldurra, konfinamenduaren ondorioz.
The Lancet medikuntza aldizkariak ere jaso ditu ondorio horiek, urruntze sozialak adinekoengan duen eraginari buruzko artikuluan. Eta, azaltzen du, etxetik kanpo ariketa fisikoa egiteko aukerarik ez izatea arrisku-faktore garrantzitsua dela depresioan eta beste asaldura psikikoetan.
Artikulu berak ariketa fisikoa ez egiteak dakartzan kalte fisikoez ere ohartarazten du. Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak ekartzen ditu gogora: astean, ariketa fisiko lasaiko 150 minutu, edo 75 minutu gogorragoa bada. Eta zehazten du, hirurogei urtetik gora, edozein arrazoiengatik hiltzeko arriskua %22 murrizten dela ariketa fisikoa eginez gero, baita OMEk gomendatutakoa baino gutxiago eginda ere. Beste onura batzuk ere aipatzen ditu: mugitzeko eta eguneroko jarduerak egiteko arintasuna, koordinazioa eta malgutasuna hobetzea, pisu egokiari eustea, eta erorikoak prebenitzea.
Bestalde, adinekoek ez dute beste populazio-talde batzuek bezainbesteko baliabiderik eta erraztasunik konfinamenduak dakartzan urruntze sozialari eta sedentarismoari aurre egiteko. COVID-19ak, gainera, beste aldagai bat ekarri duela azpimarratu dute, bakardadeari buruz lehen egindako beste azterketetan ez zegoena: ziurgabetasuna.
Izan ere, inork ez daki zer bilakaera izango duen pandemiak; maila txikiagoan, ezta zenbat denbora iraungo duten urruntze sozialaren aginduak ere. Baina, agintariek iradoki dutenez, litekeena da konfinamendua luzatzea adinekoentzat.
Horren aurrean, bakartzearen kalteak arintzeko, hiru neurri proposatzen dira artikuluan. Lehenik, telebista, irrati eta internet bidez, osasun psikikoa eta fisikoa (ariketa eta dieta) zaintzeko aholkuak ematea, baita baliabide digitalak erabiltzeko jarraibideak ere, lagunekin eta senideekin harremana izateko. Horrez gain, osasun-langileen laguntza bideratzea maila pertsonalean, eta, azkenik, boluntarioen bidezko zaintza eta laguntasuna.
Hein batean, horrelakoak jarri dira martxan hemen ere. Esaterako, ETB1 Adinberri saioa ematen hasi da, adinekoen ongizate fisikoa eta emozionala lantzeko; eta herri eta auzoetan sortu diren elkartasun-sareen lehentasunetako bat adinekoak dira. Argi dago, ordea, ez dela nahikoa. Konfinamendua zentzuz malgutzeak asko erraztuko luke adinekoei arreta hobea ematea, onerako beharko zukeena ez dadin kalterako izan.
Elhuyarrek garatutako teknologia