Adimen artifizial sortzaileak sinesmenak eralda ditzake

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

adimen-artifizial-sortzaileak-sinesmenak-eraldatu
Arg. Cottonbro studio / Pexels

Adimen artifizial sortzaileko sistemek pertsonen sinesmenak eralda ditzakete, informazio faltsua eta alborapenak transmitituz. ChatGPT, DALL-E, Midjorney eta antzeko sistemek horretarako ahalmen handia dutela ohartarazi dute Celeste Kidd eta Abeba Birhane ikertzaileek, Science aldizkarian argitaratu duten analisi batean.

Ikertzaileek nabarmendu dute adimen artifizial sortzailearen gaitasunak puztu egin direla, eta askotan iradoki da giza gaitasunak gainditzen dituztela. Horri gehitu behar zaio sistema horiek segurtasun handia transmititzen dutela ematen dituzten erantzunetan. Eta gizakiak berezko joera du aditua dirudien eta segurtasuna transmititzen duen agente batek emandako informazioa azkarrago eta gehiago barneratzeko. Bada, kontuan hartuta adimen artifizialeko sistemek informazio faltsua eta isuriz betea ematen dutela, informazio-mota hori jendearen sinesmenetan txertatzeko eta hedatzeko arrisku handia ikusten dute ikertzaileek.

Gainera, ohartarazi dute behin informazio hori barneratuta, eta sinesmenetan txertatuta, zaila izan litekeela hori aldatzea. Horregatik, azpimarratu dute, oraindik teknologia gaztea den bitartean, aukera dagoela gai horren inguruko diziplina arteko azterketak egiteko, eguneroko beste teknologia batzuetan sakonago integratu aurretik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila