Adar gorriskak dituen zuhaiska: Zuhandorra

FITXA TEKNIKOA Zuhandorra

Familia honen barruan zuhaitzak eta zuhaiskak azaltzen dira gehien bat eta batez ere Ipar Hemisferioko lurralde epeletan banatzen dira. Bere baitan 11 genero eta 100 espezie inguru ditu, hauetariko bakar batzuk tropikalak edota subtropikalak direlarik. Bestalde, genero honen barruan zenbait espezie ornamentaziorako ( Cornus mas, Cornus alba ) erabiltzen dira, oso estimatuak direlarik.

Cornus generoaren barruan aztertzen ari garen landarea 4 metrorainoko zuhaiska da eta bere adarrak gorri ilunak eta oso bereziak dira. Hostoak erorkorrak, obatuak edo zabalki eliptikoak (4-10 cm), ertzean osoak, txorten luzekoak eta azpialdean zurbilagoak dira, 3-5 nerbio oso nabarmenak dituztelarik.

J. Terés

Loreak, korinbo terminaletan, zuriak eta bereziki maiatza-ekaina bitartean azaltzen dira. Zenbait urtetan udazkenean espezie hau berriro ere loratu egiten dela aipatu nahi dizugu. Fruitua, berriz, drupa esferikoa da, beltz-kolorekoa heldutakoan.

Euskal Herrian arrunta da ia lurralde gehienetan, mendi garaietan izan ezik. Bestalde, hegoaldeko zona lehorretan ureztatutako baratza-bazterretan kokatzen da. Normalean mota desberdinetako baso-mendeletan eta sastrakadi freskoetan azaltzen da, belardien bazterretan eratzen diren hesietan ere arrunta delarik.

Zuhandorraren egurra oso gogorra da eta erreminta-kirtenetarako erabili izan da. Sendabelar modura erabili ohi da, bere azala eta fruituak astringenteak direla diotelako. Bestalde, hostoek azido salizilikoa dute eta hazien barruko osagaien artean olioa kontuan hartzekoa da. Garai batean argitzeko erabiltzen zen.

Familia: kornazeoak
Espeziea: Cornus sanguinea
Banaketa: arrunta
Habitata: basoak, sastrakadiak eta hesiak
Sendabelarra: bai

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.