Adan eta Evak ez zuten elkar ezagutu

Eboluzioa eta denboran zehar gizakiaren arrastoa jarraitzeko gaur egun bizirik daudenen ADNaren analisia oso baliagarria da.

Mitokondrioetako ADNari esker ikerlariek jakin dute duela 140.000 urte bizi zen emakumezkoaren oinordekoak garela denok. Horrek ez du esan nahi emakume bakarretik gatozela, mitokondrietako ADN tipo batek aurrera egin zuen bitartean besteak desagertu egin zirela baizik. Stanford Unibertsitateko Peter Underhill-en taldeak gizonezkoen Y kromosoman oinarrituta antzeko ikerketa egin berri du eta Adan duela 59.000 urte bizi izan zela aurkitu dute. Baina nola da posible guztion arbaso komunak izan eta elkar ez ezagutzea? Gaur egun nagusi diren kromosomak ez ziren denak batera sortu. Guganaino iritsi den mitokondrietako ADNa duela 143.000 urte gailendu zen, baina arrazoi ezezagunengatik, Y kromosoma indartsuena ez zen 84.000 urte geroago arte agertu. Bestalde, Underhill-en ikerketak gizakien jatorria Afrikan dagoela berretsi du. Fosilek bezala, genetikak ere nondik gatozen argituko digu. Nora goazen ez, ordea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila