3D inprimagailu batez giza hezur, kartilago eta giharrak sortzea lortu dute

3d-inprimagailu-batez-giza-hezur-kartilago-eta-gih
Haurtxo baten tamainako belarria inprimatzea lortu dute. Arg. Wake Forest Institute for Regenerative Medicine

Giza belarri bat eta matrailezur bat sortu dituzte 3D inprimagailu berri batez, haien gihar, kartilago eta hezur biziak egituratuta. Oraindik ez daude transplantatzeko moduan, baina orain arte giza organoen inpresioak zituen zailtasun handienetako batzuk gainditu dituzte.

Aste honetako Nature Biotechnology aldizkariak eman du ikerketaren berri. Orain arte polimeroez giza organoak imitatzen zituzten egiturak inprimatu eta transplantatu izan dituzte, baina beti ere polimeroz egindakoak. Ikerketa berri honek, giza organo biziak inprimatzea bihurtu du orain erronka nagusia. 

Aurretik ere saiakera asko eginak zituzten bioingeniariek, baina benetan funtzionalak diren organoak eta ehunak lortzetik urruti zeuden: 3D inprimagailuen bidez egitura ezegonkorrak eta hauskorrak sortzen ziren. Gainera, odol-basorik ezin denez sortu 3D inprimagailuez egindako bioegituretan, tamaina-muga handi bat zuten sortu nahi zuten edozein organotan: elikagai eta oxigenoaren difusio-distantziaren muga, hain zuzen ere. Alegia, gehienez, 0,2 milimetroko egiturak sor zitezkeen.

Ikerketa berri honetako ikertzaileek bi arazo horientzat irtenbidea aurkitu dute: polimero biodegradagarri baten gainean inprimatu dituzte zelulak, nahikoa sendotasunez eutsiko dituenak ehunak heldu arte, eta gero desegingo dena bere kabuz. Bestetik, tamainaren mugari ere aurre egin diote zelulak mikrokanal batzuetan inprimatuta, oxigenoak eta elikagaiek edozein zeluletaraino iristeko bidexkak izan ditzaten lortu baitute.

Inprimatutako egiturak arratoietan inplantatu dituzte, eta emaitzak onak izan dira: ehunak heltzea eta egonkortzea lortu dute, eta gainera,odol-hodiak garatu dira.

Ikertzaileen arabera, gehiago garatu behar da teknologia hau, baina inplantazio kirurgikoan erabil daitezkeen organoak inprimatzeko aukera ikusten dute, galdutako ehunaren hiru dimentsioko eredu informatikoa sortuta inprimagailuak hori bera inprimatu baitezake.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila