Metal likidoak erabilita material bidimentsionalak sintetizatzea lortu dute Australiako RMIT Unibertsitateko ikertzaileek. Metal oxidoen geruza fin-finak sortu dituzte, atomo gutxiko lodierakoak. Material horiek supereroaleak direnez, osagai elektroniko nanometriko ahaltsuak garatzeko aukera emango dutela adierazi dute.
Duela hamarkada bat baino gehiago konturatu ziren fisikariak erabat aldatzen direla konposatuen ezaugarriak, materialak xafla fin-finetan antolatzen direnean. Finak izanik ere, izugarri sendoak dira batzuk, ultramalguak edo supereroaleak beste batzuk… Grafenoa izan zen sortu zuten lehenengoa, baina hogei inguru dira geroztik garatu dituzten 2D materialak.
Hala ere, konposatu batzuen kasuan oso zaila gertatzen ari zen halakoak lortzea. Orain, ordea, metal likidoen erailpenean oinaritutako metodo bat garatu dute, eta horrela lortu dute HfO2, Gd2O3 eta Al2O3 bidimentsionalak sortzea. Gainera, metodo berria taula periodikoaren elementuen herenarekin erabilgarri izan daitekeela aurreikusi dute.
2D metal oxidoak sortzeko modu berria oso erraza, merkea eta eraginkorra omen da, Science aldizkarian argitaratutakoaren arabera. Hortaz, industria elektronikoan, zein bestelako industrietan ere, aplikazio potentzial ugari izango duela aurreikusi dute.