Estatubatuarrak 1.600 kilometroko errepidea eraikitzen hasi dira Antartikan. Errepideak kostaldeko McMurdo estazioa eta Hego poloan dagoen Scott-Amundsen estazioa lotuko ditu eta ekipo zientifiko astunak garraiatzeko erabiliko dute. Proiektuak 12 milioi euroko aurrekontua du eta bi urteko epean burutu nahi dute.
Gaur egun airez bakarrik irits daiteke Scott-Amundsen estaziora eta horrek asko mugatzen du komunikazioa. Ezin da nahi beste ekipo garraiatu eta eguraldiaren menpe daude erabat. Errepidearekin batera zuntz optikoa jarri nahi dute bi baseen artean, informazioa denbora errealean bidali ahal izateko poloko ekipoak erabiltzen dituzten laborategietara. Scott-Amundsen basea komunikazio-satelite gehienen helmenetik kanpo dago gaur egun eta zuntzak arazoa konponduko luke.
Ekologistek, oraingoz, ez dute protesta handirik egin. Antartika komertzialki ustiatzea galarazten duen ituna 2041era arte dago indarrean eta errepideak bizidunik gabeko eskualdea zeharkatuko du. Gainera, konboi ofizialek baino ezingo dute erabili.