Surtsey, uharte gazte higatua

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

1963ko azaroan, Islandiaren hego-ekialdeko ur hotzetan, erupzio izugarri bat gertatu zen. Hainbat egunez, itsas hondoan 130 metroko sakoneran irekitako pitzaduretatik, harriak, hautsa, gasa eta laba atera ziren. Azaroaren 14an ur-azalera iritsi zen sumendia. Horrela jaio zen Surtsey uhartea.
Surtsey, uharte gazte higatua
2006/11/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: NASA)

Erupzioa ez zen erabat baretu 1967ra arte; orduan, uharteak 2,7 km 2 -ko azalera zuen, eta tontor garaienak 173 m-ko altuera. Geroztik, haizeak eta olatuek gogor higatu dute uhartea; ondorioz, 1,4 km 2 -ko azalera besterik ez zuen iaz, eta egunen batean Surtsey desagertu egingo da. Geologoen arabera, 100-500 urte barru gertatuko da hori.

Izan ere, Surtsey Vestmannaeyjar itsas hondoko sistema bolkanikoan dago, eta, han lurrikarak eta erupzioak ohikoak badira ere, normalean, erupzio bat amaitu eta gero, ez da gehiagorik izaten leku berberean. Hortaz, Surtsey desagertu egingo da noiz edo noiz.

Dena dela, uhartea ez da jaio berritan bezain azkar higatzen ari. Izan ere, hasieran olatuek eta haizeak erraz eramaten zituzten sumendiak jaurtitako eta erabat trinkotu gabe geratutako materialak. Baina orain dagoena laba gogorrez estalita dago, eta ez da hain erraz higatzen. Horrez gain, hasierako materialean erreakzio kimikoak gertatu dira, eta, horien bidez, arrokak gogortu eta trinkotu egin dira.

Erditze bortitza

Denborak esango du zenbat iraungo duen Surtseyk etorkizunean, baina, behintzat, haren iragana eta oraina zirraragarriak izaten ari dira zientzialarientzat. Geologoek uharte bolkaniko baten jaiotza eta bilakaera aztertzeko aukera izan dute, eta biologoek, besteak beste, bizidunek uhartea nola kolonizatzen duten ikertu ahal izan dute. Zalantzarik gabe, uhartea paradisua da zientzialarientzat.

Hala ere, sortzen ari zenean, paradisua beharrean infernua zirudien uharteak. Sumendiaren lehen zantzuak erupzioa hasi baino astebete lehenago jaso zituzten geologoek Reykjavikeko sismografoan. Lurrikara arinak atzeman zituzten, baina ez zekiten non izan ziren.

Zazpi egun geroago, marinel batzuek ederki antzeman zioten tokiari! 1963ko irailaren 14an, itsasotik ke beltzezko zutabe bat igotzen zela ikusi zuten Islefur II -ko marinelek. Txaluparen bat sutan egon zitekeelakoan hurbildu ziren, eta orduan konturatu ziren erupzio bat zela.

Hegaztiek sekulako garrantzia izan dute landareen ezarpenean.
Islandiako Historia Naturalaren Inst.

Hurrengo astean, erupzioak ez zuen etenik izan, eta, sumendiak botatako materiala pilatu ahala, uharte bat eratu zen. Egun gutxian, 500 metroko luzera eta 45 metroko garaiera zuen.

Erupzioei esker, uhartea hazten eta trinkotzen joan zen. Adibidez, 1964an laba ugari isuri zuen sumendiak, eta horrek arrokak elkartu eta trinkotu zituen. Baina denborarekin, jarduera bolkanikoa baretzen joan zen, eta 1967ko ekainaren 5az geroztik lo dago sumendia.

Garai hartan, Surtseyren inguruan beste erupzio handi batzuk ere izan ziren. Haietako bitan uharteak eratu ziren: Syrtlingur eta Jolnir. Baina erupzioa bukatu ondoren, higadurak biak desagerrarazi zituen. Geologoek gertutik jarraitu zioten prozesu guztiari.

Biziaren garaipena

Biologoek ere hasieratik agertu zuten Surtseyren gaineko interesa. Egin kontu: 1965ean, artean erupzioa aktiboa zelarik, natura-erreserba izendatu zuten uhartea. Gaur egun ere, zientzialari gutxi batzuek besterik ez dute hara joateko baimena.

Biologoek arreta handiz aztertu dute nola kolonizatu duten bizidunek uhartea. 1964rako, adibidez, bazeuden intsektuak. Intsektu hegalariak ziren, eta inguruko uharteetatik heldu ziren, haize-lasterrek lagunduta. Ondoren, urak eramandako egur-zatietan iritsi ziren intsektuak.

Zomorroek hegaztiak erakarri zituzten. Hildako hegaztiak, berriz, intsektu haragijaleen bazka bihurtu ziren. Bide batez, lurra ongarritzen joan zen, eta horrek landareak hazteko aukera eman zuen. Era berean, hori mesedegarria zen intsektu landarejaleentzat.

Uhartearen lur hareatsuak nahiko elkorrak direnez, oso espezie gutxik lortzen dute irautea.
Islandiako Historia Naturalaren Inst.

Landareei dagokionez, likenak eta goroldioak agertu ziren lehenik, 1965ean. Gaur egun ere, horiek dira landare nagusiak. Izan ere, uhartearen lur hareatsuak nahiko elkorrak dira, eta, beraz, oso espezie gutxik lortzen dute irautea. Guztira, 60 bat landare-espezie detektatu dira uhartean, eta erdiek iraun dute. Hala ere, 1998an, lehen zuhaixka ikusi zuten botanikariek.

Landareak ezartzean, sekulako garrantzia izan dute hegaztiek: haziak hedatzean, lurra ongarritzean... Habia egiten lehenak fulmarrak eta martinak izan ziren, erupzioa amaitu eta hiru urtera, eta orain zortzi espezie bizi dira han. Esaterako, 1986tik badaude kaioak. Gainera, migratzaile batzuk ere joaten dira Surtseyra.

Bestetik, uhartearen ur azpiko eremuan eta inguruko itsasoan, espezie ugari aurkitu dituzte biologoek: itsas belarrak, lapak, itsas izarrak, itsas txakurrak, orkak...

Espezie horiek denak inguru gogorrean bizi dira, baina, behintzat, ez dute giza espeziearekin lehiatu beharrik. Izan ere, erreserbako legeak oso zorrotzak dira. Uharte gaztea higatzen ari da, bai, baina ondo zainduta dago.

Galarraga Aiestaran, Ana
2
225
2006
11
039
Historia; Geologia; Biologia; Ekologia; Eboluzioa
Zientziaren efemeridea
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila