Asuango Presa Handia handia da benetan: 111 metroko altuera, ia kilometro bateko zabalera eta 2.325 metroko luzera ditu. Eta zer esanik ez presak sortzen duen urtegiaz; Nilo ibaian zehar 500 km inguruko luzera eta 6.000 km 2 -ko azalera ditu. Egipton dago Asuango Presa Handia, Kairotik 800 km hegoaldera, baina, dena dela, urtegia ez dagokio soilik Egiptori, Sudanena da herena. Hargatik, lakuak bi izen ditu: egiptoarrentzat Nasser da eta Sudangoentzat Nubia.
Presa handi hura uholdeak kontrolatu, ureztapen-azalera emendatu eta energia hidroelektrikoa ekoizteko eraiki zen. Baina, abantaila horiez gain, inpaktu handia izan du ingurumenean.
Nilo ibaiaren ur-emaria asko jaitsi zen Asuango presaren ondorioz, eta, urarekin batera, sedimentuak ere lakuaren hondoan geratzen dira. Aurretik gutxi gorabehera 124 milioi tona sedimentu garraiatzen zituen Nilok urtean, eta haietatik 10 milioi tona inguru uzten zituen uholde-lautadan. Asuango presa egin zenetik, ordea, sedimentu horien % 89 Nasser lakuan geratzen da, eta, ondorioz, uholde-lautadaren emankortasuna eta sakonera gutxitu egin dira. Inpaktu horri aurre egiteko, lehenago erabiltzen ez zituzten ongarri artifizialak botatzen dizkiete lurrei nekazariek, eta ongarri horiek lurzorua gazitu eta Niloko ura poluitzen dute uholde-uren itzulerarekin batera.
Sedimentu faltaren eraginez, gainera, deltak aurrera egiteari utzi dio, eta lehen zegoen oreka apurtu egin da. Itsasoa, kostaldeari lurra jaten ari zaio, eta horrek ere laguntzen du lursailak gazitzen.
Eta, guztiaren gainera, basamortu-klimak larriagotu egiten du egoera. Nasser lakuko ura gero eta gaziagoa da, asko lurruntzen baita; ondorioz, hango urarekin ureztatutako lurretan nabaria da eragina. Ezbairik gabe, gazitasunarena arazo garrantzitsua bihurtu da Egipton. 1999ko datuen arabera, Egiptoko lurzoruen % 35ek gazitasun-arazoak zituen.
Lurrak ez ezik itsasoak ere jasan ditu Asuango presaren ondorioak. Mediterraneoa itsaso oligotrofikoa da, hau da, mantenugai gutxikoa, eta ondorioz, biodibertsitate txikikoa. Ekoizpen txiki hori hainbat faktoreren ondorio da, baina eragin handiena itsas lasterrek dute. Mendebalde-ekialde norabideko gainazaleko korronteak Atlantiko iparraldeko urak dakartza Gibraltarko itsasartean zehar, mantenugai gutxiko urak, hain zuzen. Itsaslaster horrek, halaber, kontrako fluxua eragiten du, hau da, mantenugaitan aberatsagoak diren itsas hondoko urak Atlantikorantz bideratzen ditu.
Dena dela, badaude gune emankorragoak ere; horien adibide da, edo zen batez ere, Niloren bokale inguruko gunea. Presa egin aurretik, Niloko uren % 50 itsasora isurtzen zen. Batez beste, uholde-garaian, 5.000 tona fosfato eta 280.000 tona silikato isurtzen ziren itsasora. Haien eragina nabarmena zen itsasoan: fitoplankton-dentsitate handiak hazten ziren deltaren aurrean, eta horiek bizidun askoren elikagai iturri dira.
Uholde-urak Egiptoko kostan zehar 15 km hedatzen ziren Israelgo kostaldeetara iritsi arte; batzuetan Turkiako hegoaldera ere iristen ziren. Asuango Presa Handiaren eraginez, ordea, uholde-urak askoz pobreagoak dira, eta, ondorioz, Mediterraneoko hego-ekialdea ere pobretu egin da.
Harrapaketei begiratzea baino ez dago. 1962an eta 1963an 35.000 tona izatetik, 1969an 8.000 tona izatera pasatu ziren. Adierazgarriena, agian, sardinaren harrapaketaren beherakada da, batez ere Sardinella aurita -rena, -uholde-garaian sortutako fitoplanktonaren oso menpeko zen espezie hori-. 1962an 18.000 tona sardina harrapatu zen; 1968an eta 1969an, aldiz, 460 eta 600 tona harrapatu ziren hurrenez hurren. Izkiren arrantza ere asko jaitsi zen. 1963an 8.300 tona izkira harrapatu ziren eta 1969an 1.128 tona.
Dena dela, urtegiarekin lotutako arazoak ez dira urtegitik kanpora geratzen. Urtegiaren kudeaketak berak hainbat buruhauste sortzen ditu. Nasser lakua sedimentuz betetzen ari da, eta hortaz, epe mugatuko proiektu baino ez da.
Baina hori ez da kezka bakarra; inork pentsatu al du hondamendi batek zer ekar lezakeen? Azken urteetan, desegonkortze sismikoaren arriskuak ikertzen dabiltza. Urtegiaren pisuak lur azpiko mugimenduak eragin ditzake, eta horrek urtegiaren beraren segurtasunari eragin diezaioke. Asuango urtegia apurtuko balitz, urtegiko 162.000 metro kubiko urek ikaragarrizko hondamendia eragingo lukete inguruan; pentsa, Kairoko 11 milioi biztanleak urpean geratuko lirateke une batetik bestera.