Trump, elefantea teknologiaren ontzi-dendan

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Iazko azaroan aukeratu zuten AEBko presidente Donald Trump, eta ezin esango dugu ez dionik lanari gogoz ekin, arlo askotan hartu baititu jada erabaki garrantzitsu asko. Arlo teknologiko eta digitalean ere jarri ditu martxan neurri batzuk, edo horretarako asmoa erakutsi du. Elefante bat ontzi-denda batean sartu izan balitz bezala ari da, harrokeriaz eta ezjakintasunez aurrera eginez eta dena hautsiz.
trump-elefantea-teknologiaren-ontzi-dendan
Arg. Gage Skidmore/CC-BY-SA

Gauza jakina da AEBko 45. presidente Donald Trumpek munduaren ikuspegi oso tradizionala duela. Ekonomia-sektore tradizionalak (petrolioa, automobilgintza, eraikuntza, telekomunikazioak...) bultzatzen ari da, jo eta su. Haien alde hartzen ari den neurriek kalte egiten diete sektore berritzaile eta teknologikoei, baina horrek ez dio Trumpi batere axola: batetik, ez da batere teknologiazalea; bestetik, Trumpek etsaitzat ditu Silicon Valleyko industriak ordezkatzen dituen sektoreak, hauteskunde-kanpainan bere aurka agertu baitziren.

ISP-en aldeko neurriak, erabiltzaileen eskubideen aurkakoak

Trumpek, honezkero, teknologiarekin lotutako oso neurri eztabaidagarri bat hartu du, telekomunikazio-industriaren eta, zehazkiago, Interneteko zerbitzu-hornitzaileen alde (ISP edo Internet Service Provider, ingelesez). Apirilaren hasieran sinatu zuen agindu baten ondorioz, ISPek euren bezeroen nabigazio-datuak saldu ahal izango dizkiete hirugarren batzuei. Nabigazio-datuek erabiltzaileei buruz esaten dutenari esker, publizitate pertsonalizatuarekin bonbardatu ahal izango dituzte erabiltzaileak datuok erosten dituztenek. Eta ekintza gogaikarri baina kalterik gabeko hori ez da egin ahal izango luketen bakarra. Azken finean, nabigazio-datuei esker ia dena jakingo dute erabiltzaileei buruz. Pribatutasunaren aurkako eraso ikaragarria da.

Bestalde, artikulu hau idazten ari naizelarik oraindik egin ez badu ere, badirudi sarearen neutraltasunarekin amaitzeko asmoa ere baduela. Izan ere, Ajit Pai izendatu du sareko komunikazioak arautzen dituen FCC erakundeko presidente. Obamaren agintaldian, FCCk sarearen neutraltasunaren aldeko neurriak hartu zituenean, haien aurka agertu zen Pai. Orain, haren asmoa da sarearen neutraltasunaren aldeko neurriok lehenbailehen atzera botatzea.

Sareko neutraltasunaren printzipioak hau dio: saretik doan informazioak ez du inolako diskriminaziorik jasan behar edukia, jatorria, helmuga, plataforma, aplikazioa edo protokoloa edozein delarik ere, eta erabiltzaileak kontratatutako banda-zabalera duen komunikazio-kanala eskaintzera mugatuko da telekomunikazio-enpresa, bertatik doan informazioan inongo esku-sartzerik egin gabe. Printzipio hori bete beharrik izan gabe, Interneteko enpresei (Google, Facebook edo beste edozeini) xantaia egin diezaiekete ISPek, esanez ordaintzen ez badiete beren trafikoa motelduko dutela, edo erabiltzaileei zerbitzukako paketeak eskaintzera pasatu daitezke (oinarrizko paketean, webgune denak motel; aurreratuago batean, zerbitzuetako batzuk azkarrago...). Guztiz aldatuko litzateke gaur egun ezagutzen dugun Internet.

Silicon Valleyri zeharka (edo ez?) eragiten dioten beste neurri batzuk

Printzipioz, Trumpek beste helburu batzuekin hartutako erabaki batzuek ere eragin izugarria izango dute edo izan dezakete Silicon Valleyko enpresetan. Urtarrilean, terrorismoari sarbidea eragozteko aitzakiaz, AEBra sartzea galarazi zien Siria, Iran, Irak eta beste lau herrialdetako herritarrei. Martxoan, immigranteek bertakoei lana kentzen dietela argudiatuz, bertan behera utzi zituen Silicon Valleyri matematikari eta ingeniari atzerritarrak azkar kontratatzeko aukera ematen dioten H1-B express motako bisak. Eta jakina da Silicon Valleyk, daukan teknologia-maila aurreratua lortzeko, mundu guztiko talenturik onenak kontratatu izan dituela, urte askoan. San Frantziskoko badian langileen % 36,7 atzerritarrak dira. Haiek kontratatzen jarraitzeko mugak ezarrita, zaila izan daiteke hango enpresa teknologikoentzat abantaila lehiakorrei eustea.

Bestalde, AEBko industria astuna babesteko Trumpek hartu nahi dituen neurri protekzionistek nahi ez bezalako efektua izan dezakete enpresa teknologikoetan. Bereziki Txinatik heltzen diren produktuei zergak eta mugak jarri nahi dizkie, AEB bertako produktuak gehiago sal daitezen (Apple-ren telefonoak adibidez), baina herrialde guztiek gauza bera egingo balute, AEBko enpresek ere kanpoan saltzeko zailtasunak izan litzakete. Halaber, AEBko enpresei Txinan ekoizteko oztopoak jarri nahi dizkie, lanpostuak AEBn sortzeko (berriz ere, Apple da eragin handiena jasango duena); baina horrek kontrako efektua izan dezake, kostuak igo baitaitezke eta produktuen prezioan eta enpresen errentagarritasunean negatiboki eragin.

Erabaki eta neurri horiek guztiak direla eta, Silicon Valley ia osoa gerra bizian dago Trumpen aurka. Gutun irekiak, talde-antolaketa, manifestazioak... Ikusiko dugu zerbaiterako balio duten.

Edonola ere, lege eta erabaki horiek AEBren kalterako izango dira, batez ere. Hango teknologia-konpainietan eragina izango duten neurriak onuragarriak izan daitezke beste herrialdeetako konpainientzat; ez soilik Ekialde Urruneko hardware-ekoizleentzat, baita hemengo teknologia-enpresentzat ere. Hangoek lehiakortasuna galtzen badute, aukera izan daiteke azken urteotako AEBren nagusitasun erabatekoari aurre egiteko. Bestalde, herritarrei eragiten dieten neurriak (sarearen neutraltasuna kentzea eta ISPek datuak saldu ahal izatea) hango herritarrei baino ez diete eragiten. Behintzat, Europar Batasunean, sarearen neutraltasuna babesteko araudia onartu zen 2016ko abuztuan, eta indarrean daude pribatutasuna babesteko legeak ere. Eta Europan ez dugu Trump bezalako agintari eskuindar, arrazista, teknofobo edo telekomunikazio-enpresen txotxongilorik, eta ez dirudi etorkiz... Oh, wait!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila