Modulartasunaren itzulera

Gailu digital eramangarriak modular bihurtzeko egitasmoak abian daude

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Gure etxe eta lantokietan ezagutu genituen lehen gailu informatikoak mahai gaineko ordenagailuak izan ziren, eta jaun eta jabe izan ziren urte askoan. Haietako gehienak modularrak ziren, hau da, banatu zitezkeen partez osatuta zeuden: mikroprozesadorea, plaka, memoria, disko gogorra, soinu-txartela, txartel grafikoa, pantaila... Baina, gaur egun, bestelako gailu digital ugari erabiltzen ditugu, adibidez, eramangarriak, tabletak edo smartphoneak, eta haietan guztietan osagai horiek denak (edo gehienak) banaezinak dira. Horrek desabantaila ugari ditu; nabariena, zerbait haustean dena bota behar izatea. Hala ere, baliteke laster joera horri berriz buelta ematea.
modulartasunaren-itzulera
Arg. Phonebloks/CC-BY-SA

Mahai gaineko ordenagailuek bestelako gailuekiko duten abantaila nagusia modulartasuna da, nire iritziz. Marka jakinetako aurrez muntatutako modelo batzuetan izan ezik, mahai gaineko ordenagailuen parteak banagarriak izaten dira. Plaka nagusia, mikroprozesadorea, memoria, disko gogorra, txartel grafikoa, pantaila eta beste osagai asko kendu egin daitezke, eta beste bateragarri batzuez ordezkatu. Horrek abantaila ugari ditu, nabaria denez: zatietako bat hautsiz gero, hori soilik ordezkatu behar izatea, gailu erabat gure beharretara egokitua muntatu ahal izatea, nahi dugunean gailua nahi dugun eran hobetzea...

Dena batera izatearen desabantailak

Urte batzuetatik hona, baina, mahai gaineko ordenagailuak ez dira ditugun ordenagailu bakarrak. Gaur egun, ordenagailu eramangarriek, tabletek eta baita telefono mugikorrek ere betetzen dituzte lehen mahai gainekoek betetzen zituzten funtzio asko. Eta gailu horietako gehienetan osagai asko modu banaezinean integratuta datoz. Pantaila, teklatua eta horrelako batzuk, agian, banatu eta ordezkatu daitezke, baina aipatutako beste osagai guztiak (eta, gailuaren arabera, beste batzuk ere bai, hala nola GPSa, Bluetooth-a, WiFi-a...) plakan bertan soldatuta doaz. Horren arrazoia, jakina, gailu txikiagoak egin ahal izatea da, eta hori du sistema honek abantaila nagusia. Baina alderdi negatiboak ere ez dira gutxi.

Erabiltzailearen ikuspegitik, mahai gaineko ordenagailuen aipatutako abantailarik ez dugu: osagai txiki bat hautsita ere, sarri gailu berria erosi behar izaten dugu; ezin dugu nahi duguna aukeratu osagai bakoitzerako, ekoizleen modelo jakinetako konbinazio apurren artean hautatu behar dugu; eta gailuaren atal bat hobetu nahi dugunean, ezin dugu egin.

Ingurumenerako ere kaltegarria da. Zati bat hausten delako guztia bota behar badugu edo osagai hobe bat nahi dugulako gailu guztiz berri bat erosi eta zaharra osorik bota behar badugu, askoz ere hondakin gehiago sortzen dira. Komertzio txikiei ere kalte egiten die. Mahai gaineko ordenagailuekin, informatika-dendek gure beharretara egokitutako osagaiak aukeratzen lagundu dezakete, eta berek muntatu; edo, gailua hautsiz gero, berek aztertu, ordezko pieza eskatu eta konponketa egin diezagukete. Beste ereduan, funtzio gutxiago dituzte...

Gailu modular berriak laster?

Horretaz guztiaz konturatuta eta horri buelta eman nahian sortu zen 2013ko udazkenean Phonebloks komunitatea, oraingoz telefono mugikorren arloan lan egiteko asmoarekin. Phonebloks-en helburua da smartphoneak erabat modular bihurtzea. Udazkenean sortu zen, eta, lehen pauso gisa, kontzientziatzeko eta laguntzaile-/kolaboratzaile-sare bat lortzeko kanpaina arrakastatsu bat egin zuten. Ondoren, hainbat telefono fabrikatzailerekin hitz egin zuten, eta jakin zuten Motorola (gaur egun, Googlerena da) ideia berarekin lanean ari zela, telefono modular libreak egiteko asmotan, Project Ara izeneko proiektuan. Hala, biak elkarrekin ari dira lanean orain. Baina beren asmoa ez da soilik telefono modular bat egitea, telefono modularrak egiteko plataforma ireki bat garatzea baizik, gero edonork egin ahal izan ditzan plataforma horrentzako moduluak. Eta Motorolak plataforma horren gainean bere Ara telefonoa egiteko asmoa du, 3D-ko inprimaketaz baliatuz.

Eta hori ez da telefono modularren inguruko iniziatiba bakarra. PuzzlePhone ekimena ere asmo berarekin dabil, telefono modularren PPCS (Puzzle Phone Compatible Standard) estandar irekia definitu nahirik.

Beste arlo batzuetan ere zabaldu da ideia. Adibidez, Razer bideo-jokoen zaleentzako PCak egiten dituen enpresa PC modular bat egiteko asmotan dabil. Lehen esan dugun bezala, mahai gaineko PCak modularrak dira, baina Razer enpresak modulartasuna beste maila batera eraman nahi du. Moduluak bihurkinik gabe edo ordenagailua ireki beharrik gabe erraz-erraz konektatu edo deskonektatu ahal izatea nahi dute. Hala, bideo-jokalari mokofinentzat izango litzatekeen produktu bat egin nahi dute; jokoaren arabera, memoria gehiago, txartel grafiko hobea, edo disko gogor handiagoa jartzeko aukera izango lukeena.

Nahiz eta oraindik inork ez duen gailu jakinik atera, argi dago gailu digital berrien modulartasuna agente askoren interesa piztu duen gaia dela. Bidean dauden asmoek aurrera egiten badute eta erabiltzaileok proposamen horiei ongi erantzunez gero, baliteke informatikaren modulartasunaren itzuleraren atarian egotea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila