3D inprimagailuak

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Gailu mugikorretan 3D pantailak sartzen ari direla izan genuen hizpide aurreko zenbakian. Hiru dimentsioekin jarraitzeko, horrekin zerikusia duen beste teknologia bat aipatu nahi dizuegu oraingoan: 3D inprimagailuak. Planoetatik abiatuta piezak eraikitzeko gai diren gailu horiek gero eta sarriago ikusiko ditugu hurrengo urteetan; are gehiago, kulturaren munduan baino zeresan handiagoa emango dute horiekin sor daitezkeen copyright-arazoek.
3D inprimagailuak
2011/09/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea
(Argazkia: Desktop Factory)

Euskalterm-ek honela definitzen du inprimagailua: "konputagailuaren irteerako periferikoa, paper gainean karaktere alfanumerikoak edo irudiak idatziz informazioa erakusten duena". Definizio horretara lotzen bagara, ez dirudi oso zehatza denik "3D inprimagailu" terminoa, horrek ez baitu paperean inprimatzen. Aldiz, hobeto lotzen zaie Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoak edo Wikipediak ematen dituzten definizioei --hurrenez hurren, "Fitxategien edukia euskarri fisiko batean ekoizten duen periferikoa" eta "Ordenagailu batean dugun irudi edo testuzko dokumentu bat medio fisiko batetara (orokorrean, papera) pasatzeko funtzioa betetzen duen irteera periferiko bat" definitzen dute gailua--. Izan ere, 3D inprimagailu batek, objektu baten hiru dimentsiotako modelizazio digital batetik abiatuta (CAD programa baten, edo Blender moduko 3D modelizazio-programa baten edo 3D eskaner baten bidez sortutakoa), objektu fisikoa sortzen du.

Egia zor, inprimagailuaren definizioak ez du zertan 3D inprimagailuekin bat etorri, horiek ez baitute eredu digitala mundu fisikora pasatzen "inprimatuz", hau da, beste euskarri batean bere arrastoa utziz, baizik eta objektu berri bat ekoitziz; beraz, 3D inprimagailua ez da, berez, inprimagailu bat, ekoizteko makina bat baizik.

Nola funtzionatzen dute?

Teknologia ezberdinak erabiltzen dituzten 3D inprimagailuak daude, baina, funtsean, denek zera egiten dute: objektu bat lamina horizontaletan moztuko bagenu lortuko liratekeen pieza lauak eraiki, bata bestearen gainean muntatu eta erantsi. Ezberdintasuna piezak eraikitzeko eta eransteko erabiltzen duten metodoetan daude. Batzuek laminazio-sistema bat erabiltzen dute (aurrez sortutako pieza lauak mozten dituzte forma jakin bat emanez, eta, gero, erantsi), beste batzuek airearekin kontaktuan hoztu eta gogortzen den plastiko likido bat injektatuz egiten dituzte, beste batzuek plastiko-hautsezko geruzak gainjarrriz doaz likido edo laser batez behar den profila soilik gogortuz...

Hori, noski, asko sinplifikatzea da; teknologia konplexua da, eta xehetasun asko ditu. Adibidez, nola lortu eskegita dauden parteak eraikitzea, behetik gora egiten bagoaz? Edo nola eutsi goiko parte potolo bati profil fin batekin, materiala biguna bada? Horientzat guztientzat ere konponbide ezberdinak daude. Hala, erabilitako teknologiaren arabera, ezaugarri-, kalitate-, tamaina-, abiadura- eta bereizmen-konbinazio asko daude.

Gero eta eskuragarriago

Baina poliki-poliki, edozein teknologiarekin gertatzen den bezala, horietako gutxi batzuk gailenduz joaten dira, eta ikerketa-mundutik merkaturako jauzia egiten. Eta gaur egun salgai daude gauza benetan harrigarriak egin ditzaketen 3D inprimagailuak: 0,1 mm-ko bereizmena izan dezakete bertikalean, eta inprimagailu normalek adinakoa XY planoan; pieza oso konplexuak egin ditzakete (erlojuak eta linternak adibidez!), eta, gainera, koloretan...

Prezioa eta tamaina direla-eta ez dira oraindik edozeinek etxean izateko modukoak (merkeenak 12.000 ? balio ditu, eta 60.000 eurokoak ere badaude; tamainari dagokionez, traste handi samarrak dira oraingoz), baina sektore batzuetan oso baliagarriak dira, eta gero eta gehiago ikusten dira: fabrikazio industrialean (piezen prototipoak azkar egiteko), medikuntzan (neurrirako protesiak egiteko)... Bestalde, badaude fotokopia- edota serigrafia-denda batzuk 3D inprimagailuak erabiliz piezak eraikitzeko zerbitzua eskaintzen dutenak.

Hala ere, edozein teknologia berrirekin gertatzen den bezala, normalena da tamainak eta prezioak beherantz egitea, eta gero eta gehiago hedatzea. Gainera, 3D inprimagailu libreak sortzeko proiektuak daude (espezifikazio edota plano guztiak banaketa libreko lizentziekin jartzen dituztenak, edozeinek berea egin ahal izan dezan, 300 bat euroan). Eta horietako batek, RepRap izenekoak, autoreplikazioa ere badauka helburutzat, hau da, bere buruaren kopiak eraikitzeko gaitasuna. Oraingoz, gailu horren 2.0 bertsioa bere plastikozko osagaiak egiteko gai besterik ez da; baina zirkuituak nahiz metalezko piezak ere egiteko gai denean, noizbait bada (eta proiektuko kideek espero dute horrela izango dela etorkizun ez hain urrunean), esponentzialki heda daitezke.

Jabego intelektualarekin arazoak

Makina autoreplikagarriak, beraz? Kontzeptu hori eta adimen artifiziala nahasten baditugu (hori ere gero eta aurreratuago dago), Terminator filmeko edo Stargate telesaileko "erreplikante"ak moduko irudi apokaliptikoak etorriko zaizkigu gogora... Tira, ez da oso probablea horrelakorik gertatzea; baina ekarriko dute, bai, iraultza 3D inprimagailuek, zabaltzen badira.

Izan ere, horrelako bat izatea etxean fabrika bat izatea da, gauza ugari ekoizteko gai dena (tamaina eta material jakin batzuetakoak, behintzat), horien eredu digitala edo planoa izanez gero. Eta eredu digitalak, gauza fisikoak ez bezala, erraz zabaltzen dira Internet bidez. Gainera, eredu digitalak egitea gero eta errazagoa da, 3D modelizazio-software bat, CAD software bat, 3D eskaner bat edo, zergatik ez, kinect bat erabiliz (duela bi zenbaki kontatu genizuen bezala). Musika, film eta liburu digitalarekin jazo den banatze-fenomenoa ikusirik, pentsatu zer gerta daitekeen objektu fisikoen munduan horrelakoak egitea ahalbidetuko lukeen panorama batean... Ekoizle asko saldu osteko zerbitzuen negoziorik gabe gera daitezke, baldin eta ordezko piezak guk geuk egin baditzakegu. Edo filmetako merchandising-eko maketa eta figuratxoen salmenta ere pikutara joan daiteke. Eta berdin beste negozio ugarirekin...

Seguruenik, ekoizpen-industriak lehenago kultura-industriak erreakzionatu duen moduan egingo du, hau da, hori geldiarazten saiatuko da nola edo hala. Neurri batean, fenomeno hori gertatzen hasi da dagoeneko, eta denuntziak ere egon dira jada, jabego industriala duten objektuen planoak partekatzeagatik. Ekoizpen-industriari ez zaio erraza gertatuko joera hori geldiaraztea; baina, bestalde, kultura-industria baino boteretsuagoa eta handiagoa da. Nolanahi ere, aldaketa handia ekarriko dute laster 3D inprimagailuek.

Leturia Azkarate, Igor
2
278
2011
9
016
Hardwarea; Periferikoak
Mundu digitala
18
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila