Gizakiaren eta uraren arteko harremanak ingeniaritzako altxor asko utzi ditu. Liburu honetan, Ana Azpirik eta Alberto Gonzalezek aurkezten dituzte gutxi batzuk. Azpiri artearen historian doktorea da, eta Gonzalez bideetako ingeniaria, eta bien artean 33 proiektu ikusgarriri buruzko liburu ederra landu dute.
"Ideia NEREA argitaletxekoek plazaratu zuten. Uraren Nazioarteko Urtearekin lotutako ideia zen: Uraren historia izeneko liburu bat egitea, giza adimena eta ahalegina urarekin lotzen zituen adibideak emanez" dio Azpirik. Gainera, dibulgazio-liburu bat izan behar zuen; datu teknikoak eta azalpen argiak konbinatu beharko zituen astuna izan gabe. "Datuen dimentsioak ondo emateaz arduratu ginen. Denak tresna erraldoiak dira, eta, beraz, metro kubikoetan edo tonatan hitz eginda, galtzeko modukoak dira zenbakiak". Horregatik, datuak konparaketen bitartez emanda daude. Esate baterako, Hoover urtegiaren zementuak Donostiako Moneoren kuboen bolumenaren bikoitza du. Alderaketa horren bitartez, errazago ulertzen da zenbaterainoko erronka teknikoa (eta kimikoa) den zementu hori lehortu ahal izatea.
Bi egileek azkar lan egiteko modua aurkitu zuten. Gonzalezek aukeratzen zituen ingeniaritza-lanak; gero, bi egileak elkartzen ziren bakoitzaren kontakizunari forma emateko, eta Azpirik idazten zituen kapituluak. "Lanak aukeratzeko irizpidea zen ingeniaritza-lan ikusgarriak izan behar zutela. Harridura eragiten duten proiektuak dira". Mundu osoko lanak dira, modernoak batzuk eta klasikoak beste batzuk: Alhambrako ur-sistema, Hoover urtegia, Herbeheretako dikeak (modernoak zein zaharrak), Oresundeko itsasarteko tunel-zubia, Suezko kanala, Japoniako ur gaineko aireportuak, Troll plataforma eta abar. Mota askotako proiektuak dira. Aurkeztutako altxor teknologiko bakoitzarekin batera, argazki handiak eta ikusgarriak sartu dituzte.
Liburua NEREA argitaletxeak eta KUTXAk argitaratu zuten oso formatu handian. Gaztelaniazko edizioaz gain, gaztelania-euskara edizio elebiduna ere argitaratu zuten. Etxean lasai irakurri eta ikusteko moduko liburua da, baina, gainera, aurkezten dituzten proiektuak turismoa egiteko aitzakiak izan daitezke. Liburu interesgarria, zalantzarik gabe.