Kepa Altonagak gomendatuta, eboluzioa irakurgai

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Kepa Altonagak gomendatuta, eboluzioa irakurgai
2009/12/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Kepa Altonaga. Arg.: Iker Azurmendi.

Kepa Altonagak zoologia irakasten du Euskal Herriko Unibertsitatean. Hari eskatu diogu zientzia-liburuen gomendio bat egiteko. Alde batetik, hiru dibulgazio-liburu gomendatu dizkigu, eta, bestetik, fikziozko bi. Aipatzekoa da gomendioen artean Richard Dawkins-en liburu bat dagoela, Stephen Jay Gould-en liburu batekin batera; eboluzioaren bi ikuspegi ezberdin dira, askotan kontrajarriak, baina biak oso interesgarriak.

Lehen liburua David Quammen estatubatuarraren The Song of the Dodo da. "Zoragarria da" esaten du Altonagak. Eboluzioan interesa duen edozeinentzat da interesgarria liburua. Datu deigarri batetik abiatzen da: uharteetan askoz espezie gehiago desagertzen da beste tokietan baino. Quammenek hainbat uharte eta artxipelagoren kasuak aztertzen ditu, eta saiatzen da lurraldearen azaleraren eta espezie-kopuruaren arteko erlazio bat bilatzen. Analisian, gizakiaren eskuak ere garrantzi handia du.

The tale of the ancestor da bigarren liburua ( El cuento del antepasado gaztelaniazko argitalpenean). Eboluzioan atzeranzko bidaia bat da, gizakietatik abiatuta. Idazleak, Richard Dawkins ingelesak, formatu hori eman dio liburuari, kontrako bideari jarraituz gero oso ikuspuntu antropozentrikoa lortzen baita; gizakietara bideratzen duen eboluzioaren ikuspuntua saihestu nahi izan du modu horretan. Haren ustez, bidaia atzerantz eginda, aldiz, eboluzioaren edozein adarretik abiatuta ere, helmuga lehen biziduna da, beste bizidun guztion arbasoa ( ancestor ). Gizakietatik abiatuta, berrogei bidegurutze daude eboluzioaren bidean lehen arbaso hartaraino; Dawkinsek bidegurutze horiek guztiak hartzen ditu liburuaren haritzat.

Hirugarren liburua Stephen Jay Gould estatubatuarraren Dinosaur in Haystack da ( Un Dinosaurio en un Pajar ). Goulden hogeita hamalau saiakeraren bilduma bat da; haietako batek ematen dio izenburua liburu osoari. Saiakera horietan eboluzioari berari buruzko gogoeta apartak daude; eta gai horretatik abiatuta beste esparru askotara eramaten gaitu Gouldek, literaturara adibidez. Aipatzekoa da Frankensteini eta Mary Shelley idazleari buruzko saiakera bat.

Eboluzioari buruz irakurtzeko beste aukera bat da fikziozko liburuen bitartez egitea. Altonagak John Darnton idazlearen Darwin Conspirancy ( El secreto de Darwin ) eta Harry Thompsonen To The Edge of the World ( Hacia Los confines del mundo ) gomendatzen dizkigu.

Hiru liburu
The Song of the Dodo
David Quammen
Scribner
234 x 155 mm
ISBN: 0-684-82712-3
El cuento del antepasado
Richard Dawkins
Antoni Bosch
230 x 150 mm
ISBN: 978-84-95348-28-9
Jatorrizko izenburua: The tale of the ancestor
Un Dinosaurio en un Pajar
Stephen Jay Gould
Crítica
226 x 152 mm
ISBN: 978-84-74238-10-5
Jatorrizko izenburua: Dinosaur in Haystack
Roa Zubia, Guillermo
2
259
2009
12
029
Eboluzioa
Liburutegia
60

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.