Xanti Larrañaga biologoak, ekologian aditua bera, Australian eman zuen denboraldi bat lanean, eta bertatik bertara ikusi zuen lurralde zabal hura zer egoeratan dagoen, eta nolako ahalegina egiten ari diren bertakoak egoera hobetzeko. Gizakiaren eragina ez da bakarrik ekosistemak desagerrarazi eta ustiatzen dituenean gertatzen, baizik eta oreka ekologikoa berreskuratzeko konponbide okerrak erabiltzen dituenean ere bai. Larrañagak konponbide horiei buruzko analisi bat egin du Elhuyar aldizkarirako (40. orrialdea), eta gaiari buruzko liburu batzuk gomendatu ditu. Liburu horiek, besteak beste, Australiako eta inguruko lurraldeetako kasuak ulertzeko argibide onak dira.
Lehenengoa Collapse: How Societies Choose to Fail or Survive liburua da, Jared Diamond estatubatuarrarena. Larrañagarentzat erreferente bat da liburua: "Antzinako hainbat zibilizazio desagertzearen arrazoiak aztertzen ditu; kasu batzuetan, arrazoi horiei misteriotsuak deritzegu, arkeologoek ez baitute jakin izan benetako arrazoi bat ematen gizartearen egituraren ikuspuntutik, guden ikuspuntutik edo beste batetik. Eta Jared Diamondek defendatzen duena da ingurumen-arrazoiak zeudela, bai aldaketa klimatikoak gertatu zirelako, bai zibilizazio horiek gehiegi ustiatu zituztelako beren baliabideak. Oso liburu interesgarria eta oso gomendagarria". Liburuak herri askoren kasuak aztertzen ditu: Pazko Uharteko jendea, maiak, bikingoak, eskandinaviarrak, txinatarrak, haitiarrak eta beste asko. Antzinako kasuak zein kasu modernoak. Eta ikuspuntu zabal bat ematen du arazoari buruz. Tartean, Australiari buruzko kapitulu bat dauka.
Bigarren gomendioa Tim Flannery biologoaren The Future Eaters liburua da. "Izenburuaren itzulpena 'Etorkizun-jaleak' izango litzateke" dio Larrañagak. "Australiaren, Zeelanda Berriaren eta Ginea Berriaren eta inguruko lurralde guztien bilakaera ekologikoa nolakoa izan den azaltzen du, baita ikuspuntu geologikotik ere, eta zer gertatu zen gizakia iritsi zenean, lehendabizi aborigenak eta gero europarrak".