Historiaurreko irakurgaiak, Alvaro Arrizabalagak gomendatuak

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Historiaurreko irakurgaiak, Alvaro Arrizabalagak gomendatuak
2009/06/01 | Roa Zubia Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Alvaro Arrizabalaga arkeologoa da. Aranzadi Elkarteko kide da, eta historiaurrea irakasten du Euskal Herriko Unibertsitatean. Zientziako liburu batzuk gomendatzeko eskatu diogu; edozeinentzat interesgarriak izan daitezkeen liburuak.

Dibulgaziotik hasi da. Atapuercako aztarnategian indusketa egiten duten paleontologoek idatzitako bi liburu ospetsu gomendatu dizkigu: La especie elegida eta El collar del neanderthal . Lehenengoan, Juan Luis Arsuagak eta Ignacio Martínezek hominidoen eboluzioa aurkezten digute, gizakia 'aukeratutako' espezietzat har daitekeen ala ez aztertzeko helburuarekin. Bigarrenean, Arsuagak Neanderthalgo gizakiak aztertzen ditu, eta saiatzen da argitzen zenbaterainoko abstrakzio-ahalmena zuten. "Arsuaga bereziki trebea da zabalkunde zientifikoan" dio Arrizabalagak.

Oraindik dibulgazioaren arloan, Stephen Jay Gould biologoaren liburu bat gomendatu digu: Bully for Brontosaurus (gaztelaniazko argitalpenean, Brontosaurus y la nalga del ministro ). Goulden saiakera-bilduma bat da; idazleak istorio harrigarriak kontatzen dizkigu, zientziaren eta beste arloen arteko harremana gai gisa hartuta. Izenburuak txantxetakoa dirudi, baina Arrizabalagak dioenez,"gezurra ematen badu ere, oso liburu serioa da".

Ohiko zientzia-dibulgazioaren esparrutik kanpoko bi liburu ere gomendatu dizkigu. Fikziozko liburuak dira, baina neurri batean zientzian oinarrituta daudenez, dibulgazio-liburuak ere badira.

Lehenengoa The Clan of the Cave Bear da (gaztelaniazko argitalpenean, El clan del oso cavernario ). Jean M. Auel idazle estatubatuarraren liburu ezaguna da. Bost urteko neska Cro-magnon baten istorioa da, Ayla. Familia lurrikara batek hilda, Ayla bakarrik dago munduan. Istorio horren haritik, Cro-magnon eta Neanderthalgo gizakiak lurralde berean bizi izan zireneko garaia deskribatzen du idazleak.

Azken gomendioa La guerre du feu da (gaztelaniazko bertsioan, En busca del fuego ). Joseph eta Seraphin Boex anaia belgikarrek XIX. mendean idatzitako eleberria da (J. H. Rosny ezizenarekin sinatua). 1981ean, Jean Jaques Anaud frantziarrak film bat egin zuen eleberrian oinarrituta; filmak eleberriak baino oihartzun handiagoa izan zuen. Ulhamr tribuaren istorioa da; tribuak sua erabiltzen du, baina ez dakite nola piztu. Beraz, gorde egiten dute itzali gabe. Baina beste tribu baten aurkako liskar batean galdu egin dute sua. Hiru laguneko espedizio bat bidaltzen dute suaren bila.

Bost liburu
La especie elegida
Juan Luis Arsuaga/Ignacio Martínez
Temas de Hoy
180x113 mm.
978-84-7808-566-8
El collar del neanderthal
Juan Luis Arsuaga
Temas de Hoy
230x145 mm.
978-84-7880-793-2
Brontosaurus y la nalga del ministro
Stephen J. Gould
Crítica
190x125 mm.
978-84-7423-818-1
Jatorrizko izenburua: Bully for Brontosaurus
El clan del oso cavernario
Jean M. Auel
Maeva ediciones
240x170 mm.
978-84-9535-460-0
Jatorrizko izenburua: The Clan of the Cave Bear
En busca del fuego
J. H. Rosny (izengoitia)
Valdemar
170x110 mm.
978-84-7702-357-9
Jatorrizko izenburua: La guerre de feu
Roa Zubia Guillermo
2
254
2009
6
034
Bibliografia; Eboluzioa
Liburutegia
68

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.